Nerea Arrien idazleak irabazi du Xabier Lete Nazioarteko VI. Poesia Saria
'Zoonomia' lanagatik eskuratu du saria Arrienek. Sariketa irabazi duen lehen emakumea da.
Donostian bizi zen Nerea Arrien lekeitiarrak jaso du Xabier Lete Nazioarteko VI. Poesia Saria, Zoonomia lanari esker. Arrienek badu bere ibilbidea literaturan. Bere lehen liburua, Pentsatzeko txokoa izenekoa, Lizardi saria irabazi ondoren argitaratu zen. Haur eta gazte literaturan Atrapa eguna, Eskola hodeian eta Etxegabetuak lanak argitaratu ditu. Helduentzako narratiban ere aritu da eta Hirutter eleberria eta Jende Likidoa narrazio liburua idatzi ditu.
Harkaitz Millan kulturako diputatuak Xabier Leteren poesiak euskaldun askorentzat duen esanahi berezia nabarmendu nahi izan du eta sariketa Letek euskarazko poesia belaunaldi oso batera hurbiltzeko egindako lanaren aintzatespena dela adierazi du. Poetaren dedikazioa ere azpimarratu du, “humanismoan eta balioen defentsan oinarritutako euskal identitatea eraikitzeko”. Haren dibulgazio-lana ere ekarri du gogora: “Bi alderdi horietan, beharrezkoa da beti kulturaren eta euskararen alde agertu zuen maitasun sakona azpimarratzea, biak pertsona desberdinen arteko lotura gisa ulertuz”.