Nerabezaroak uste baino denbora gehiago irauten du garunaren inguruko ikerketa baten arabera

Bost garai nagusi ditu garunak bizitzan zehar, eta nerabezaroaren fasea ez da guk uste bezain azkar amaitzen.

Giza garunak bost garapen fase izaten ditu bizialdian, hazi, heldu, eta zahartzeko prozesuan. Cambridgeko unibertsitateko neurozientzialariek 0 eta 90 urte arteko ia 4.000 lagunen garunak eskaneatu eta aztertu dituzte, eta lau mugarri nagusi identifikatu dituzte neuronen konexioei erreparatuta. 

Nerabezaroa, ingelesezko hitzei jaramon eginda, ustez hamahiru urtetatik hemeretzi urtera arte iraungo lukeena, uste baino luzeagoa da. Bederatzi urterekin hasten da eta 32 urterekin amaitu.

Gure garunak etengabe ikasten eta egokitzen aritzen dira informazio berria barneratu ahala. Hala, bost garai hauek bereizi dituzte: umezaroa, jaiotzetik bederatzi urtera arte; nerabezaroa, 9 urtetatik 32ra arte; heldutasun garaia, 32tik 66ra; hasierako zahartzea, 66tik 83ra; eta amaierako zahartzea, 83tik aurrera.

Aro ezberdin horiek detektatzeko, MRI difusio-eskanerretatik hartutako datu-multzoak erabili ziren. Eskaner horiek garuneko konexio neuronalak mapatzen dituzte, ur molekulak garun-ehunean nola mugitzen diren arakatuz.

Nerabezaroa eta heldutasuna
Nerabezaroan, garunaren komunikazio-sarea gero eta finagoa da. Komunikazioa azkarrago eta leunago ezartzen da, bai garuneko eremu jakinetan, bai garun osoan zehar. Eraldaketa horrek trebetasun kognitibo askoz sendoagoetarako mugimendua ahalbidetzen du. Prozesua hogeita hamargarren hamarkadaren hasiera aldera bukatzen da.
 
32 urtetik aurrera, heldutasun fasea dator, garairik luzeena izaten dena. Garuneko arkitektura egonkortu egiten da aurreko faseekin alderatuta, eta beste hogeita hamar urtez ez du inflexio-puntu handirik izaten. Fase honi "adimenaren eta nortasunaren ordeka" deitzen diote. Gainera, poliki-poliki, garuneko eskualdeak indar gutxiagoz konektatzen dira.