Neguko Olinpiar Jokoak, lehenengo aldiz, elur faltsuarekin ospatu dira
Otsailaren 4tik 20ra ospatu dira Neguko Olinpiar Jokoak Txinan, eta bertan ikusi ahal izan den elurra "startup" italiar batek sortua izan da.
Ikerketa batek ohartarazi zuen: "Soilik mundu osoko 21 hirik dute klima egokia Neguko Joko Olinpikoak antolatzeko erregai fosilak behar bezala kontrolatzen hasten ez baldin bagara". Txinak ere bazekien hori eta horregatik ez da harritzekoa joko hauek, lehenengo aldiz historian, elur artifizialarekin antolatu izana. Horretarako, hiru urte lehenago, TechnoAlpin deitutako startup italiar batekin jarri ziren harremanetan, elur faltsua eskuratzeko.
Arazoa klima aldaketa da. Beijing inguruko mendi-magalak idorregiak eta epelegiak dira Neguko Olinpiar Jokoetan elurra edukitzeko. Honela, lehengo aldiz, %100 elur artifizialarekin ospatuko diren jokoak ikusi ahal izan ditugu.
Berria ez da pozgarria, elur artifiziala sortzeko energia kopuru izugarria behar baita. Nazioarteko Olinpiar Komiteak estimatu duenaren arabera, behar izan den elur guztia sortzeko 200 milioi litro ur xahutu dira. Kopuru hori nahikoa litzateke 100 milioi pertsonak, egun batez, euren egarria asetzeko. Honek badu beste arazo bat ere, ikerketa batek baitio elur mota hau ez dela kirolarientzat horren segurua.
Beraz, ur edangarri baliotsu kopuru handia behar bada eta atletentzat elur naturala baino arriskutsuagoa bada, benetan merezi al du elur hau sortzeak? Klima aldaketari lehengoz begietara zuzenean begiratu beharrean aurkitu da gizakia Olinpiar Joko hauetan. Honelako egoera gehiago etorriko dira, ordea, ziur. Udako Olinpiar Jokoak ere arriskuan daude klimaren aferagatik. Kaliforniako Unibertsitateak burututako ikerketa batek 645 hiri aztertu ditu eta ipar hemisferioan dauden %98,5ak ez lituzke maratoi bat antolatzeko beharrezkoak diren baldintzak beteko hemendik 30 urtera.
