Negu betean Mosku elur faltsua erabiltzen ari da
Elurra kaleetatik ateratzeko kamioikadak behar izaten dituzten hirian aurten aurkakoa egiten ari dira: elurra kamioietan Moskura ekartzen.
Munduko hiririk hotzenetako bat da Mosku, baina hala ere, aurten azken 140 urteetako negurik beroena bizitzen ari da. Urte garai honetan Errusiako hiriburuan 5, 10 eta 20 gradu zero azpitik bezalako tenperaturak izan ohi dituzte.
Pasa den 2019 honetan ordea ez da horrelai zan. 0, 1 eta 2 gradu erregistratu dira egun hauetan, eta horregatik elurra egin arren, elur geruzak ez du hiria behar bezala zuriz estali, orain arte ohikoa izan den bezala.
Egoera honen aurrean, Eguberri giroa galdu ez zedin elur artifiziala ekartzea erabaki da eta horrekin hiriko gunerik turistikoenak apaindu dira. Elur artifiziala patinaje pistetako eta Mosku kanpoaldeko eski pistetako izotz zatiekin ekoiztu da.
Izan ere, klima-aldaketak eragin oso konkretuak izaten ari da errusiarren bizitzan. Sochin adibidez, Errusiako hiririk garrantzitsuenetakoan neguko turismoagatik, eski estazioek denboraldiko paseak mugatu behar izan dituzte elur eskasiagatik. Horrela, bertako hedabideek adierazi dutenez, gune horietako pisten %20ak bakarrik ireki dituzte ateak denboraldi honetan.
Siberian berriz, zenbait komunitatek beste eskualdeetara migratu behar izan dute permafrosta, etengabe izoztuta dagoen lurzoru geruza, desizozten ari delako. Eta ehiza denboraldiak ere aldatuz doaz, animali basatien errutina aldaketengatik.
Pariseko akordioa
Pariseko akordioaren sinatzailetako bat da Errusia. Herrialdea klima-aldaketari aurre egiteko gas emisioak murriztuko zituela hitz eman zuen, nahiz eta oraindik ez duen Nazio Batuen Erakundearen (NBE) aurrean inongo programa zehatzik aurkeztu. Putin presidentearen arabera ordea klima-aldaketa Errusiarentzat mehatxu zuzena da.
Prentsaurreko batean Putinek adierazi zuzenez, ikerketa batzuk diote Errusian tenperatura beste lurraldeetan baino 2,5 azkarrago ari dela igotzen bataz beste. Alabaina, Putinek mezua erlatibizatu zuen, eta 2019ko tenperatura igoera Lurraren ardatz mugimenduagatik izan litekeela esan zuen: “inork ez dakizki klima-aldaketaren zergati zehatzak”.