Nazioarteko gatazketan ardaztuko dituzte 'Kazetaritza, bertatik bertara' jardunaldiak

Hitzaldiak, mahai-inguruak, filmak eta erakusketa izango dira egitarauan.

Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldiak egingo dituzte Gasteizko Europa jauregian, Florida zinemetan eta Aihotz plazan,  abuztuaren 28tik irailaren 1era. Kazetariek eta adituek landutako egungo gaiak azaleratuko dira, herritarrei irekitako eztabaidarako eta hausnarketarako guneak sortzeko.

Jardunaldien ardatz nagusia azken hilabeteotan nazioarteko arreta erakarri duten gatazkak izango dira: Errusia eta Ukrainaren arteko gerra, AEBen eta Txinaren arteko norgehiagoka komertziala eta teknologikoa, adimen artifiziala, Israel eta Palestinaren arteko gatazka eta migrazio-krisiak, besteak beste.

Aurten, honako kazetari eta fotokazetariek hartuko dute parte, besteak beste: Lys Arango, Daniel Landa, Jesús A. Núñez Villaverde, Ura Iturralde, Sara Gómez Armas, Mikel Mancisidor, Javi Julio, Agus Morales eta Remedios Zafra.

Hitzaldiak eta mahai-inguruak 12:00etan eta 19:00etan izango dira Europa Biltzar Jauregian eta sarrera librea izango da. Egun bakoitzaren amaieran, 21:30ean, egunean zehar landutako edukiekin lotutako filmen ziklo bat egingo dute, Florida zinemetan. Irailaren 1ean, berriz, proiekzioa aire zabalera, Aihotz plazara, aterako da. Bertan, David Fincher-ek zuzendutako The Social network pelikula eskainiko da. 

Gainera, Parisen bizi den Lys Arango kazetari eta argazkilariaren Hambre (gosea) argazki-erakusketa ere irekiko da. “Frantziaren erradioskopia: osasun-krisiak zeharkatutako herrialdearen inguruko begiradak” izeneko enkargu nazional handi baten baitan sortutako argazki-bilduma da. Gasteizera iritsiko den erakusketak argitaratu gabeko hamabi argazki ditu eta Gasteiz Hiribidean dago ikusgai erakusketa, Europa Biltzar Jauregiaren ondoan, irailaren 3ra bitarte.

Hemen kontsulta daiteke egitarau osoa.