Nazim Hikmet: Turkia beti bizkarrean
Efemerideak bitxiak dira. Geure eguneroko kontuen erdian, ia ustekabean, historiako une garrantzitsu batzuk berpizten dituzte.
Memento haiek ikusteko beranduegi jaio ginenon mesedetan, iragan denborako jendearen eta gertaeren berri ematen digute. Orain arte ezagutzen ez nuen Nazim Hikmet (Tesalonika, 1902 – Mosku, 1963) hil zela berrogeita hamar urte bete ziren ekainaren 3an. Urteurrena aitzakia izan liteke urtero Hikmet apur bat gehiago ezagutarazteko, hurrengo belaunaldiek bera nor izan zen jakin dezaten, eta hala beste askok.
Hikmetek hainbat genero landu zituen, baina gertuenekoa euskaraz irakur dezakegun poesia da. Haren obra euskarari ekarri zion lehena Gabriel Aresti izan zen, 1971n itzuli zuen Lau gartzelak liburua. Gerora, 2004. urtean, Koldo Izagirrek Estontzio 90 poema euskaratu zuen eta 2007an Susaren libreta batean argitaratu ziren Iñigo Aranbarrik itzulitako hamabi poema, besteak beste. Gaur egun, armiarma.com atarian daude eskuragai.
Moskun egindako zortzi urteko egonaldian (1921-1928), futuristen eraginez, bertso librean idazten hasi zen Hikmet. Bere obra estuki lotua dago militantzia politikoari eta Turkiari. Hain justu, jaioterrira bueltatutakoan Kemal Atatürk diktadorearen kontra aritu zen komunistekin batera. Hori dela eta, hamabi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten (1938-1950). Helduaroaren zati handi bat espetxean eman zuen baina, "atzerriratzez atzerriratze, kartzelaz kartzela, Turkia (beti) bizkarrean, sakelan". Azken espetxealdiaren ondoren, Moskura alde egin zuen, eta bertan hil zen, 1963ko ekainaren 3an, Turkia bizkarrean, sakelan zuela.
Bibliografia hautatua
• Lau gartzelak (1971, Kriselu-Lur)
• Hamabi poema (2007, Susa)