NASAren arabera, Lurraren ardatza mugitu eta egunaren iraupena luzarazi du Txinako presa erraldoiak

Hiru Eztarri izeneko presaren ur kopuruak Lurraren errotazioan eragina izan dezake.

Txina energiaren alorrean ikerketan eta garapenean ari da buru-belarri eta Hiru Eztarri izeneko presa hidroelektrikoa da horren adibide. Hubei probintzian kokatuta dago eta 1994tik 2012ra bitarte aritu ziren hura eraikitzen. 

Munduko hirugarren ibairik handienean kokatuta dago, Yangtsé izenekoan. 181 metro ditu altueran eta 2.335 metro luzeeran. Bolumena, berriz, 27.2 milioi metro kubikokoa da. Argindarra lortzeko ahalmen handia du, 22.500 gigawatt sortzeko gai baita, Txinako energia beharren %9 inguru.

Halako neurriko eraikuntzek bestelako ondorioak ere izaten dituzte, ordea. NASAk adierazi duenez, bertan pilatutako uraren bolumenak planetaren errotazioan eragina du. Masaren mugimendua ekartzen duten gertakariek, lurrikarek eta tsunamiek esaterako, Lurraren errotazioan aldaketak sortzen dituzte.

Presan dagoen uraren pilaketak Lurraren errotazioa zertxobait geldotzen du, patinatzaile batek besoak zabaltzean gertatuko litzatekeen bezala. Horrek Lurraren ardatza bi zentimetro mugitu du eta eguna 0.06 mikrosegundo luzatu.

Txikikeria dirudi baina tamaina handiko proiektuen inguruko galderaeta kezka asko sor ditzake etorkizunari begira. Lurpeko ura erauzteak, urtegi artifialak sortzeak eta poloetako izotzaren urtzeak ere Lurraren errotazioari eragiten dioten masa-desplazamenduak dakartzate. Beraz, zer gertatuko da eskala handiko proiektuek gure planetaren masaren banaketan eragina badute? Zer ondorio izango du honek guztiak?