Nanga Parbat, munduko mendirik altuena izateko bidean
Pakistanen kokatutako mendi hau urtean 7 milimetro hazten da, eta dagoeneko 8.126 metro ditu.
Munduko sabaiaren titulua ezbaian jartzera ausartu da Pakistango Nanga Parbat (Mendi Biluzia) mendia, izan ere, urtero 7 milimetro hazten da, eta ez du gelditzeko asmorik. Egun, mendi honek 8.126 metroko garaiera du. Hain zuzen, zeruetako errege den Everest mendiak 8.848 metro ditu, eta hau ere hazten doan arren, urtean ez ditu 4 milimetro baino gehiago lortzen. Kalkuluen arabera, 200.000 urtetan Nanga Parbatek Everest gaindituko du.
Denbora asko irudituko zaigu, baina 200 mila urte asperen bat besterik ez dira duela 50 milioi jaiotako Himalaiarentzat. Hain zuzen, Eurasia eta Indiako plaka tektonikoek bertan egin zuten talka, munduko mendilerrorik garaiena sortuz, eta egun, oraindik indarrean jarraitzen du talka horrek; horregatik, mendilerroko tontorrek milimetroak irabazten dituzte etengabe.
Nanga Parbat munduko bederatzigarren mendi altuena da egun, eta Pakistango bigarrena, baina bere hazkundea inguruetako tontorrena baino azkarragoa da. Horrekin batera, mendi hiltzailearen ezizena ere badu, Annapurnaren ondoren mendizale gehien hil diren mendia baita, K2aren gainetik.