Nafarroaren Eguna ospatuko dute bihar Baigorrin

Egun osoko jaia antolatu dute desfile, bazkari, musika, bertso eta abarrez osatua.

Pandemiaren eraginez bi urteko etenaldia izan bada ere, bihar itzuliko da Nafarroaren Eguna Baigorrin, Zuti gitezen berriz lelopean.  Leloak ospakizunaren itzulera islatzen du hain zuzen ere; Basaizea elkartekoen hitzetan, "azken bi urte lainotsu hauetako hainbat bizipen, esperientzia zein irakaspen anitzen ondorioz Nafarroaren Egunak aurten ere, geroa ikusteko esperantza ekarriko digu".

Pandemia honek nafarren arteko harremanak eta elkarlana zaildu dituela uste dute, "bi estatuen arteko muga tentsio gune bihurtu delako". Hori dela eta, aurtengo Nafarroaren Eguna inoiz baino beharrezkoagoa dela uste dute. 

Eguna goizeko bederatzietan hasiko dute, orduan zabalduko baita merkatua elizako plazan. Horretaz gain, ikastolako gosaria ere egingo dute. 10:00etan, desfilea izango da beheko plazatik gaineko plazara. Honako hauek hartuko dute parte desfilean: Duguna, Burgaintzi eta Tafallako dantza taldeak; makilariak eta basaldunak; Kilimon, Buztintxuri eta Baigorriko erraldoiak; trikitilariak, txistulariak, eta gaiteroak; eta Txakatuk, Ezpela eta Kuxkuxtu txarangak. 

Ekitaldia izango da elizako plazan goizeko hamaiketan. Ondoren, 12:00etan, Basa hitza, irrintziak eta jauziak izango dira, eta geroago Larrain dantza eta Jaiak txaranga. Eguerdiko ordu bietan ikastolako bazkaria egingo dute Plaza Xokon. 

Bazkalondoren, 15:30ean, Elektrotxufla arituko da eta bertso saioa izango da Onintza Enbeita, Eneko Lazkoz, Oihana Iguaran eta Sustrai Colinarekin. Dantza ikusgarria izango da ordubete geroago, eta arratsaldetik gauera, berriz, Kiki Bordatxo, Izan 23:00 Letagin, Kilimak eta Holako Deluxe arituko dira. Gainera, haurren txokoa, puzgarriak, egurrezko jokoak, eta Makiaja ere izango dira etxeko gazteenentzat.