Nafarroako Komiki Azoka hilabete osoan izango da martxan

Erakusketak eta bestelako jarduerak antolatu dira hilaren 24ra bitarte.

Tizak, komikiaren sustapenerako elkarteak, antolatutako Nafarroako Komiki Azokaren XVI. edizioa joan den ostiralean hasi zen eta hilaren 24ra arte iraungo du, Iruñean eta Lizarran. Hainbat jarduera daude egitarauan: mahai-inguruak, tailerrak, bisita gidatuak, muralak, topaketak artistekin, liburu-sinatzeak, auto-edizio azoka eta bigarren eskuko azoka… Horrez gain, hamaika erakusketa izango dira bost lekutan.

Aurten, gainera, proposamen berriak ere badira, hala nola marraztutako erakusleihoak, konferentzien irudikatze grafikoak eta  portfolioen erakusketa, bertako sortzaileek beren proiektuak aurkez ditzaten.

Bihar, asteazkena, Zart! aldizkariaren bosgarren zenbakia aurkeztuko dute, eta ostegunean Txus Elizondo artistari buruzko mahai-ingurua egingo dute. Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.

Komiki Azokaren kartela Nadia Hafid ilustratzaileak egin du.