Nafarroako egile berrientzako euskarazko literatur lehiaketara lanak aurkezteko epea ireki da
Poesia eta narrazio lanak bidali behar dira urriaren 27ra bitarte.
Egile berriei zuzendutako euskarazko XXXIII. Literatur Lehiaketa Nafarroan jaio diren edo bertan bizi diren egileei zuzenduta dago eta poesia eta narrazio modalitateak barne hartzen ditu. Egile berriek euskarazko literatura sor dezaten bultzatu eta sustatzea denez asmoa, ezin izango dira aurkeztu bere izenean literatur lan bat baino gehiago argitaratu duten egileak.
Egile bakoitzak lan bakarra aurkeztuko du modalitate bakoitzeko, gai librekoa, jatorrizkoa eta argitaratu gabea. Poesiako modalitatean, lanek gutxienez 200 bertso izan behar dituzte, eta narrazioek, gutxienez, 15 orrialde, 11 tamainako Arial letra motarekin eta tarte bikoitzaz.
Hiru sari banatuko dira modalitate bakoitzeko: lehen saria 2.500, eurokoa; bigarrena, 1.000 eurokoa, eta hirugarrena, 500 eurokoa. Lau aipamen ere eman ahal izango dira, bakoitza 250 eurokoa, modalitatea kontuan hartu gabe.
Lanak aurkezteko epea urriaren 27an amaituko da, www.irunakulturada.eus webguneko lehiaketen atalean. Izen-ematea aurrez aurre ere egin daiteke Udalaren erregistroetan, baina ezingo da erregistro elektronikoaren bidez egin, parte-hartzaileen anonimotasuna bermatze aldera.
Honako hauek osatuko dute epaimahaia: Castillo Suárez García, Beatriz Chivite Ezkieta eta Nerea Balda Sanjuan idazleak.