Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdia, Iruritan

Larunbatean, 17:30ean, izango da Iruritako Gizarte Bilgunean. Honako sei bertsolariak ariko dira oholtza gainean: Julen Zelaieta (Bera, 1980), Xabier Legarreta 'Arano' (1977), Iñaki Aleman (Irurita 1988), Iñigo Ibarra (Iruñea 1974), Migel Mari Elosegi 'Luze' (Leitza 1970) eta Iñigo Olaetxea (1975, Lesaka).


Saioa hasteko, binaka gaia emanda hiruna bertso zortziko handian kantatuko dituzte. Jarraian, binaka ere, ofizioka hiruna bertso zortziko txikian botako dituzte. Binakako azken ariketa, hauxe: ofizioka hiruna bertso hamarreko txikian. Bakarkako lanari dagokionez, hasierako puntua emanda, bina bertso kantatuko dituzte zortziko txikian eta gaia emanda bina bertso doinu eta neurri librean.
Joan den astean, lehen finalerdian, Julio Sotok pilatu zituen puntu gehien: 421. Haren atzetik Estitxu Arozena (397) eta Oskar Estanga (392) sailkatu ziren.
Iruritako saioan, finalerako sarrerak -Lesakan izango da martxoaren 20an-erosi ahal izango dira.