Nafarroa Oinez igandean izango da, Tafallan

Larunbaterako familiei begirako ekintzak ere antolatu dituzte.

Garces de los Fayos Ikastola datorren igandean, urriak 16, Nafarroako ikastolen jaia hartzeko azken xehetasunak prestatzen ari da.  Aurten, berrikuntza gisa, asteburu osoan zehar izango dira ekitaldiak, nahiz eta igandekoa izango den egun nagusia. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, sarbidea errazteko hiri-zirkuitua diseinatu dute, Kondearen Parkea, Ereta edo Kirol Hiria zeharkatuz. Ia bi kilometro izango ditu ibilbideak eta lau eremu: Sustrai, Zuhaitz, Hazi eta Kimu. Erdian Erein leloa dela-eta izendatu dituzte guneak honela, Erdialdean euskara ereiten jarraitzera gonbidatzeko. Ibilbidea, laugarren eremua izan ezik, mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo dela jakinarazi dute.

Egitarauari dagokionez, haurrei zuzendutako jarduerak izango dira, hala nola jolas kooperatiboak, grafiti tailerra eta nasapuntako jokoa. Gustu guztietarako musikarik ere ez da faltako: Patxi eta Konpania, The Trikiteens, Go!azen, Xutik, La Mala Pékora, DJ Bull, Txutxin Ibáñez & Garibaldi Band, Ache pa ti, Julivert, Skabidean, Rotten XIII, Trikidantz.... Bestalde, Nafarroako ikastola guztietako taldeak lehiatuko dira kirol eta trebetasun probetan, gune guztietan, goizez.

Bezperan, larunbatean, familiei zuzendutako jarduerak egingo dituzte, Nafarroa Oinez asteburuko festa izan dadin, egun bakar baten ordez. Taloak, artisauak, erraldoiak, kontzertuak, ipuin kontalariak, haurrentzako jolasak eta beste hainbat ekintza izango dira.

Ingurumena zaintzeko neurriak
Ibilbidean edateko ur-guneak jarriko dira eta lehendik daudenak seinaleztatu. Horretarako 'Ura' hitza duen ur-tanta ikurra erabiliko da. Bestetik, etxetik edalontzi berrerabilgarriak eramateko eskatu dute. Hala ere, festaren egunean bertan erosteko aukera ere izango da. Horrela bildutako dirua Oinez Basoa proiektura bideratuko da, Cascarruejos aintziran hegaztien behatokia eraikitzeko. Alde egin aurretik edalontzia itzuli ahalko da.