Nafarroa Oinez 2012 antolatu duen San Fermin ikastola laguntzeko aukera duzu oraindik
Asteburua bustitik joan da Euskal Herrian, eta horrek eragin nabarmena izan du Zizur-Txikian antolatutako Nafarroa Oinez jaialdian. 'Kolore & Hitz' lelopean, Nafarroako ikastolen alde bildu dira milaka euskaltzale, baina beste horrenbetsek huts egin diote zitari, eta antolatzaileek espero baino laguntza gutxiago jaso dute. Dena den, oraindik garaiz zabiltza zure hondar alea jartzeko, Sarearen bidez diru ekarpentxoa egiteko aukera baituzu.
San Fermin ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat eraikin berri bat egiteko dirua biltzea zen Nafarroa Oinez 2012ko helburua. Izan ere, urte gutxian asko igo da Zizur-Txikiko ikastolako ikasle kopurua, eta maila bakoitzean gela bat gehiago osatu dute.
Baina eguraldiak ez du batere lagundu aurtengoan, euskaraz ikasteko eskubidea bermatu eta ikasleen baldintzak hobetzeko, atzo jasotako babesa baino gehiago behar dute ikastolako arduradunek.
Horregatik, lau kontu korronte zabaldu dituzte edonork bere ekarpena egin dezan. Zuk ere, hemen sartuta zurea egin dezakezu; edozein dela ere, ongietorria izango da!!
Primerako giroa
Eguraldi iragarpen txarrak zirela eta, ibilbidea eta guneak berrantolatu behar izan zituzten antolatzaileek. Karpak jarri zituzten, bideak egokitu, ikasgelak zabaldu Dena, bertaratuak euritik babesteko.
Hala, giroa epel mantentzea lortu zuten behintzat. Usoztarrek inauguratu zuten jaia, ikastolaren historian zeresan handia izan duen familiako kideek, hain zuzen. Izan ere, hiru belaunaldietako kideak estuki loturik egon dira San Fermin ikastolarekin. Halaber, Euskalerria Irratia omendu zuten urte luzez egindako ibilbideagatik.
Datorren urterako, Tuterako Argia ikastolak hartu du lekukoa, eta 2013ko Nafarroa Oinez bertan egingo dute.