Nafar Ateneoa poesia sarian parte hartzeko epea urtarrilaren 31n amaituko da
Edizio honen gaia 'Sorioneku' izango da.
Pertsona orok parte har dezake, eta aurkezten diren lanek argitaratu eta saritu gabeak izan behar dute. Halaber, ezingo da, aldi berean, beste poesia-lehiaketa batean parte hartzen aritu. Poemak euskarazkoak izango dira eta egile bakoitzak poema bakarra aurkez dezake, gehienez 60 bertso-lerrokoa. Edizio honen gaia Sorioneku izango da, zentzu zabalean bada ere.
Lanak aurkezteko epea urtarrilaren 31n, asteartea, amaituko da, 14:00etan. Aurkeztu beharreko lanak postaz bidal daitezke eta baita posta elektroniko bidez ere, euskera@ateneonavarro.es helbidera.
Poema onenaren egileak 1.500 euroko diru-saria jasoko du eta baita diploma ere. Iruñean egingo den ekitaldian jasoko du saria irabazleak eta poema irakurri beharko du bertan.
