Muzak taldeak 'Gezur mila' singlea argitaratu du
Sare sozialek pertsonengan duten eraginaren ingurukoa da kantua.
Ruben Irigoyen (bateria), Joanes Iñurreta (ahotsa eta gitarra) eta Aitor Sargarmendik (baxua) osatutako Muzak talde gipuzkoarrak Gezur mila single berria aurkeztuko du. Gaur egun sare sozialetan murgilduta egoteak eragiten duenari buruzkoa da abestia: "Hemen sortzen den alter egoa erreala da, transmititzen dugunarekiko proportzionala. Kea saltzen dugu sare horietan dugun aipagarritasuna bilatuz. Izan ere, bizi garen iragazkirik gabeko errealitate honek balioa galdu duela dirudi mundu paralelo faltsu horren aurrean. Like-aren eraginez mugitzen gara, eta arrakasta eta autoestimua zenbaki hutsen mende daude".
Hain zuzen ere, singlearen azaleko irudiak horixe adierazten du, "gizarteak plataforma horietan saltzen duena, errealitate desitxuratua, kea". Haritz Harreguy Studios-en grabatu dute singlea eta Tony Lindgren-ekin Fascination Street Studios-en masterizatu.
2021eko abenduan kaleratu zuen taldeak lehen lana, Programaturik izenekoa, post-rock eta rock progresibo kutsuekin. Joan den urtarrilean aurkeztu zuten estudioko bigarren lana, Irabaziak eta galerak, lau abestiko EP-a. Rock progresiboaren bidetik jo dute hor ere, baina metalaren edota poparen ukituekin jolastuz.
Zuzeneko emanaldiak
Zenbait hitzordu ere badituzte lotuta euren musika jendaurrean erakusteko. Uztailaren 24an Soraluzen joko dute; abuztuaren 28an Elgoibarren, Su ta Garrekin batera; irailaren 15ean Azpeitiko San Agustinen; eta urriaren 13an Urnietako Saroben, Ithakarekin batera.