Musikaz lagundutako hiru poesia errezitaldi egingo dituzte Iruñean

Gaur, Mikel Tabernak, Joseba Irazokik eta Oier Fuentesek egingo dute emanaldia.

Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak euskarazko hiru poesia-errezitaldi antolatu ditu, zuzeneko musikaz lagunduta. Lehen emanaldia gaur izango da, eta gainerako biak azaroan eta abenduan. 

Arkanbele Kantak izeneko saioa izango da gaur, hitza, musika eta irudia uztartuta. Mikel Tabernak, Arkanbele Kantak liburuaren egileak, poema-sorta bat errezitatuko du, eta Joseba Irazokik gitarraz inprobisatuko du. Emanaldia osatzeko, Oier Fuentes Katubik ekitaldirako espresuki prestatutako irudiak proiektatuko dira.

Bigarren ekintza azaroaren 14an izango da, Alaska izenburupean. Bide ertzean dagoen hotel abandonatu baten izena da Alaska eta izenburu hori du Castillo Suarezen poema liburuak. Suarezek poemak errezitatuko ditu, Juantxo Zeberio pianista eta konpositoreak lagunduta.

Azkenik, abenduaren 12an itxiko da zikloa, etxeko guneei buruzko Etxe bat lanarekin. Yolanda Arrieta idazlea eta Peru Galbete musikaria arituko dira.

Hiru jarduerak Kondestablearen Jauregiko areto nagusian izango dira, 19:30ean, eta sarrera doakoa izango da.