Musika independentearen MIN sarietarako hautagaiei botoa emateko epea zabaldu dute

Hainbat euskal musikari dira hautagai zenbait ataletan, tartean euskarazko disko onenarenean. Martxoaren 15era arte eman daiteke botoa.

Musika independentearen MIN sarietako hautagaiak bozkatzeko epea zabaldu dute eta martxoaren erdialdera arte egongo da irekita. Espainiako Estatuko hainbat talde eta bakarlari daude hautagaien artean, eta horien artean dira hainbat euskal musikari. Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Saria eskuratzeko lehiatuko dira Eneritz Furyak, Amak, Bulego, Chill Mafia, Estitxu, Ezpalak, Gaur, Huntza, Idoia, Ibil Bedi, Jon Maia, Joseba Irazoki eta Lagunak, Maite Larburu, Lur Jota, Lukiek, Liher, Laukatu, Olatz Salvador eta Txiki Handia Zara.

Beste hainbat kategoritan ere izendatuak daude euskal musikari horiek, eta baita beste zenbait euskal herritar ere, hala nola Anne Lukin, Ben Yart, Chica Sobresalto, Iñaki Alberdi, Iñaki Palacios & The Gaels, Kai Nakai, Eneko Diaz, Najwa, Mikel Gil, Maren, Maite Iriarte, Korrontzi, Kokoschka, Kilimak, Intza, Omago, Pamplona Jazz Orchestra, Ruper Ordorika, Tributo Pedro Iturralde eta Zetak.

 

Kategoria ugari daude, bai musika-estiloen arabera (jazz diskorik onena, flamenko diskorik onena, rock diskorik onena…), eta baita hizkuntzen arabera ere (euskarazkoa, katalanezkoa, galegozkoa). Horiez gain, orokorragoak ere badira: diskorik onena, bideoklip onena, abestirik onena….

Bozketa prozesuan, entzule bakoitzak kategoria bakoitzeko bost artista bozka ditzake gehienez. Atal batean bozka eman eta gero, ezin izango da aldaketarik egin. Ez da nahietazkoa kategoria guztietan bozka ematea eta ez dago garai berean guztia egin beharrik ere. 

Martxoaren 15era arte jasoko dituzte entzulegoaren botoak, eta ondoren jakinaraziko dute zeintzuk diren kategoria bakoitzeko 15 artista edo talde bozkatuenak. Ondoren, adituen epaimahaiak alor bakoitzeko bost finalista hautatuko ditu, eta sari banaketa apirilaren 27an egingo da, Iruñean. Disko Onena eta Diseinu Onena epaimahaiak aukeratuko du zuzenean, publikoaren iritzirik kontuan hartu gabe, eta Mario Pacheco Ohorezko saria UFI-ko kideek emango dute.