Musika Bulegoa Sarietako bat aukeratzeko bozketa martxan da
Publikoaren Saria erabakitzeko bozketa maiatzaren 6ra arte izango da zabalik, eta sari-emate ekitaldian jakinaraziko dute irabazlea.
Publikoaren Saria izango da Musika Bulegoa Sarien zortzigarren edizioaren berrikuntza. Epaimahai profesionalak zortzi sari emango ditu, eta, gainera, publiko orokorrak 2023ko bere disko/kontzertu/lan gogokoenaren alde bozkatu ahal izango du, epaimahaiak hautaketa-prozesuaren bigarren fasera igarotzeko aukeratu dituen berrogeita zortzi proposamenen artean.
Sarirako hautagaien artean honako musikari hauek daude, besteak beste: Airu, Akaleia, Belako, Erroka, Hofe x 4:40, Ibil Bedi, Intza, Izaro, Janus Lester, Laztana Laztana, Maria Rivero, Moxal, Olaia Inziarte, Rüdiger, Sara Azurza, Sara Zozaya, Xabier Zeberio, Zatibi eta Zetak.
Pertsona bakoitzak bere artista gogokoena behin bakarrik bozkatu ahal izango du bozketa-plataforman. Bertan, sarirako hautagai diren artista zein taldeak ageri dira eta izendatutako lan bakoitzari buruzko informazioa aurki daiteke, eta baita Spotify/Youtube/Soundcloud-en entzun ahal izateko esteka ere.
Botoa maiatzaren 6ra arte eman ahal izango da, eta itxieran boto gehien jaso dituen hautagatzaitzak irabaziko du Publikoaren Saria. Maiatzaren 15ean Iruñeko Zentral Aretoan egingo den sari-banaketa galan jakinaraziko dute irabazlea.
Janus Lesterrek sari-emate ekitaldia amaitu ondoren emango duen kontzerturako lau sarrera bikoitz zozkatuko dira boto ematen dutenen artean.