'Musika Bulego' sariak banatu dituzte
Aurtengo edizioan hamar saritu izan dira, tartean Belako, Izaro, Petti eta Sara Zozaya.
Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak antolatzen duen Musika Bulegoa sarien bosgarren edizioa egin berri dute eta hamar sari banatu dituzte guztira. Hauek izan dira edizio honetan elkarteak saritutako talde edo bakarlarietako zortzi: Ander Telleria, Arineketan, Belako, Brais Novoa Loira, Izaro, Noa & Hell Drinkers, Petti eta Sara Zozaya. Sariketa honen helburua bertako artista, talde edo musika proiektuek iaz burututako lana saritzea izaten da. 107 proposamen jaso dira aurtengoan eta antolatzaileek adierazi dutenez, "kalitate handiko" lanak aurkeztu dira eta proposamen gehienak disko oso bat izan dira. EHMBE-k osatutako "profesionaltasun eta ospe handiko" zortzi kideko epaimahaia arduratu da aukeraketa egiteaz. Sarituen inguruko txostena ere osatu dute, artistaren eta obraren buruzko datuak jasotzen dituena, eta baita aitortutako merezimenduak ere. Musika motari erreparatuz gero, pop-rocka, musika klasiko garaikidea, folka, eta jazz generoak izan dira nagusi. Saritutako proiektuek 2.000 euro eta eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskulturak jaso dituzte.
Etxepare Euskal Institutuaren Musika Sariak, Euskal Herriko sortzaile, interprete, musikagile edo talde batek euskal musika nazioartera eramaten egiten duen lana aitortzen du. Aurten Korrontzi taldeak jaso du aitortza hori. Bestetik, EKE Euskal Kultur Erakundeak, EHMBE Ohorezko Saria eskuratu du. Honen asmoa Euskal Herriko musika jarduerarekin lotutako pertsona zein erakundea goraipatzen du prestakuntzan, sentsibilizazioan, hedapenean edota ekoizpenean egiten duen ekarpena tarteko.
Aurreko edizioetan bezala, zuzeneko emanaldiak izan ziren Biarritzeko Atabal aretoan atzo egindako sari banaketan. Amaia Artetxe izan zen saioaren gidaria.