'Musika, berdintasuna eta LGTBIQ+' jardunaldien bigarren edizioa egingo dute Donostian
Hitzaldiak, mahai-inguruak eta kontzertuak izango dira egitarauan.
Musika Bulegoak Musika, berdintasuna eta LGTBIQ+ jardunaldien bigarren edizioa antolatuko du otsailaren 29an eta martxoaren 1ean, LGTBIQ+ kolektiboko sortzaile eta profesionalak ikusarazi eta musika sektorean duten egoera aztertzeko asmoz. LGTBIQ+ pertsonek musikan eta, bereziki, euskal panoraman duten ordezkagarritasunari buruzko hausnarketa egingo dute, eta nortasunen ez-normatiboetatik egindako sorkuntza musikalaz, LGTBIQ+ zirkuituez edota kolektibo honetako profesionalek ibilbidea garatzeko dituzten erronkez arituko dira besteak beste.
Lehen egunean, otsailaren 29an, 17:00etatik aurrera, Ander Prolek euskal musikan dagoen aniztasun sexualaren azterketa egingo du, eta Anouar Merabetek Euskal Herriko ballroom kulturari buruzko hitzaldia emango du. Ondoren, mahai-ingurua egingo dute Kiltreo Oskuro eta Las Marikarmen taldeetako kideekin, “Musika, nortasun ez-normatiboak eta disidentzia” gaiaren inguruan. Azkenik, artista hauek kontzertua eskainiko dute Kutxa Fundazioa Kluba aretoan.
Bigarren egunean, martxoaren 1ean, 17:30etatik aurrera, Raquel García-Tomás musikagile kataluniarrak Alexina B. operaren sortze eta estreinaldi prozesuaz hitz egingo du. Ondoren, emakumeek musika klasikoan duten egoera aztertuko dute mahai-inguruan. Jardunaldiak borobiltzeko, Adriana Viñuela sopranoak eta Elisa Rapado pianistak Orgullo y prejuicio: Identidades ocultas y amores camuflados en la canción lírica hitzaldi/kontzertua eskainiko dute.
Donostiako Tabakalera kulturuneko Z Aretoan eta Kutxa Fundazioa Klubean izango dira jardunaldiak, Jarduera guztiek sarrera librea eta doakoa izango dute.