Munduko olagarrorik bitxiena gertutik grabatu ahal izan dute
Zazpi garro ditu eta ozeanoaren sakonean topatu dute animalia berezi hau.
Kaliforniako Montereyko akuarioko ikerketa taldeak zazpi garro dituen olagarroa topatu du itsaso sakonean. Ez da erraza animalia hau bistaratzea, baina haren irudiak grabatzea lortu dute Montereyko badian, 700 metrotara, berez sakonera handiagoan ibiltzen diren arren, 1.200 metrotara. Espezie hau behatu duten laugarren aldia da ia 40 urteko tartean.
Haliphron atlanticus izeneko espeziaren parte da, eta lau metroko luzera eta 75 kiloko pisua izatera hel daitezke. Ikertzaileen arabera, zazpi gorputz-adar izatearen itxurak arren portaerarekin du zerikusia, ugaltze-prozesuan askatu egiten baitira hektokotilotik, emeei esperma-paketeak uzteko erabiltzen duten beso espezializatutik. Besoa begi baten azpian ezkutatuta egon ohi da, eta horregatik, garro edo gorputz-adarretako bat falta duela dirudi, gainerakoek bezala zortzi izan arren.
MBARI-ko ingeniariek diseinatutako kamarak olagarroa medusa bat heltzen harrapatu du irudietan. Aurretik argitaratutako ikerketetan espezie hau organismo likatsuez elikatzen dela azaldu zuten ikertzaileek, eta irudiek halaxe berretsi dute.