Munduko lehenengo artikoko otso klonatua Txinan jaio da

Maya izena jarri diote eta bere espezie bereko zelula batetik klonatua izan da. Beagle arrazako txakur batean txertatu zen enbrioia.

Otso artikoa (canis lupus arctos) lehenengo aldiz klonatua izan da Txinan. Otso artiko basati eme baten zelula bat hartu eta beagle baten barruan txertatu zen enbrioia, azken honek jatorri genetikoak partekatzen baititu antzinako otsoekin. Prozesua arrakastatsua izan da. Otso kumeari Maya izena jarri diote eta jada 100 egunetik gora ditu. Erabili den metodoa, 1996. urtean Dolly ardi famatua klonatzeko erabili zen berdina izan da. Alabaina, Dolly sakrifikatua izan zen sei urte zituenean, biriketan tumore bat zuelako. Oraingoz, otso kumea erabat osasuntsu dago. Otso artikoak desagertze arriskuan ez badaude ere, Txinako laborategiak prozesu hau erabiltzea espero du desagertze arriskuan dauden espezieak salbatzeko. 

Sinogen Biotechnologies erakundea hildako maskoten klonazioetan espezializatu da orain arte. Bezero pribatuentzat hildako katu, txakur eta zaldiak klonatu ditu. Genetika erakunde honek haratago joan nahi du, ordea, eta arriskuan dauden espezieak babestu nahi ditu.

Moralki onartezina den ala ez eztabaida alde batera utzita, zenbait ikertzailek kezka adierazi dute, batez ere animali klonatu hauen osasunari dagokionez eta baita, animalia klonatu hauek, bioaniztasunari egin liezaketen kalteengatik ere.