Munduko lehen telefono mugikorra: tramankulu handia, pisutsua eta garestia
1983an merkaturatu zuten lehen mugikorra, eta ez zuen oraingoen antz handirik.
Motorola enpresako ingeniaria zen Martin Cooper-ek deitu zuen lehen aldiz telefono mugikor batetik, 1973ko apirilaren 3an. Motorola DynaTAC 800X izan zen telefono mugikor hura, eta garai hartan modernoa eta harrigarria izango bazen ere, gaur egungo begiekin ikusita, tramankulu itxuragabea da.
Berritzailea eta ikusgarria zen, baina oraingo mugikorren aldean, handiagoa eta pisutsuagoa. 800 gramo inguruko pisua zuen, eta neurriak, berriz, hauexek: 33 zentimetro altueran, 4.5 zentimetro zabaleran, eta ia 9 zentimetroko lodiera.
Bateriak hogei minutuko elkarrizketa jarraia izateko beste irauten zuen, eta kargatzeko hamar bat ordu behar izaten zituen. Mugak muga, gaur egungo telefono mugikorretarako bidea urratu zuen ordea.
Hamar urte geroago, 1983an, merkaturatu zuten, eta salmenta prezioa ere aintzat hartzekoa izan zen, 3.995 dolarretan saldu baitzuten, 3.400 euroan. Ez zen, hortaz, edonork erosteko modukoa.
Geroztik garapen handia izan dute telefono mugikorrek eta smartphonen Interneta eta aplikazioak tarteko, era guztietako zereginetarako erabiltzen ditugu: sare sozialetan kuxkuxean aritzeko, ingurukoei idatzi eta deitzeko, kalkuluak egiteko, gogoratu beharreko oharrak idazteko, ordainketak egiteko...
Auskalo hemendik 50 urtera izango diren telefono mugikorrek zer itxura izango duten eta zertarako erabiliko diren!