Munduaren amaiera 100 segundotara
Zientzialariek aurreratu egin dute Apokalipsiaren ordularia; autosuntsipena inoiz baino gertuago dugu.
100 segundo. Denbora tarte horrek bereizten gaitu suntsipenetik. Hala zehaztu du Zientzialari Atomikoen Buletinak; Apokalipsiaren ordularia aurreratuz, gizateriaren historian hondamenetik inoiz baino gertuago gaudela salatu dute.
Doomsday Clock edo Apokalipsiaren ordulariak gauerdirako gelditzen diren minutuak adierazten ditu, hau da, munduaren amaierarako (egun ezagutzen dugun moduan bederen). 2018 urtean erlojuaren orratzek 23.58 erakusten zuten; amaieratik bi minutura geunden. Azken 73 urtetan horren gertu sekula egon gabeak ziren orratzak; azken aldiz 1953an izan zen, Errusia eta AEBen arteko norgehiagoka nuklearraren garaian.
Aurten baina, oraindik ere gertuago gaude amaieratik; 100 segundotara. Zientzialarien esanetan, egungo egoera Gerrate Hotzekoa baino okerragoa da, baina normalizatu egin dugu bizi dugun garai ezegonkorra, eta ez gara arriskua sumatzeko gai. Rachel Bronson Zientzialari Atomikoen Buletinko zuzendariak berak adierazi duenez, orratzak gauerditik aldendu nahiko lituzte, baina errealitateak ez dio uzten.
Erloju honek ez du datu zientifikorik eskaintzen, arrazoi politikoak ere kontutan hartzen dituelako; helburua agintarien arreta deitu eta berandu baino lehen krisi egoere aurre egitera bultzatzea da. Hala, arma nuklearrak dituzten herrialdeen ezegonkortasuna, amaierarik gabeko gerrateak eta aldaketa klimatikoa dira zientzialari talde honek arriskuaren maila neurtzeko erabilitako arazo nagusiak.