Mundua inperioaren esku?
EEBBetako iraileko sarraskiek ondorio larriak ekarriko omen dituzte. Nonahi gerra hotsak entzuten dira. Dena den, gerraz gain, bestelako ondorioak ere izan daitezke. Izan ere, datozen hilabete eta urteetan EEBBetako eta oro har, mendebaldeko "inperioa"-ren zenbait jokaera areagotu litezke: Hirugarren Munduarekiko nagusitasun harremana, mugak ixtea, gizartearen kontrola
Antza, mundu osoan pairatuko dira EEBBetan izandako triskantzaren ondorioak. Gerrak, ohi bezala, odol arrasto mingarria eta sufrimendua eragingo du. Adibideak soberan ditugu historian eta zoritxarrez, ez oso urrun. Adituen esanetan, ordea, gerraz gain, beste zenbait ondorio ere ekarriko ditu Manhattaneko Dorre Bikietan eta Washingtongo Pentagonoan gertatutakoak. Goazen datozen lerrootan ikustera zeintzuk izan daitezkeen ondorioetako batzuk.
Zenbait adituren esanetan, ordenu berria sortuko da nazioartean. Josu Juaristi Gara egunkariko nazioarte saileko kazetaria ez da iritzi berekoa, "baina dena dela, harremanak eta batez ere, harremanetako irizpideak aldatu egingo dira. Terrorismoaren aurkako koalizioa sortu dute. Gerhard Schröder Alemaniako kantzilerrak adierazi duenez, hemendik aurrera, beste herri batzuei laguntza ematerakoan, terrorismoaren aurkako borroka horretan parte hartzea ezinbesteko baldintza izango da". Beraz, gaur egun Hirugarren Munduko herrialdeek, laguntza (ekonomikoa, adibidez) jasotzeko, baldintza zorrotzak bete behar badituzte, are zorrotzoagoak izan litezke etorkizunean: "Pentsamendu Bakar horretan sartzen ez direnek jai dute", dio Josu Juaristik.
Behin eta berriro entzun dugunez, bestalde, krisi honen atzean Palestinako eta oro har, Ekialde Hurbileko arazoa dago. Ildo honetatik, baten batek pentsa dezake gertatua gertatu ondoren, EEBBek Israel itsu-itsuan babesteari utzi diezaioketela. Oraingoz, ordea, ez dirudi inongo aldaketarik egon denik.
Etorkinen arriskua
Inmigrazioa ere jopuntu izan daiteke. Argi dago Hirugarren Mundutik ihesi datozenena arazo bihurtu dela hainbat estaturentzat, batez ere Mendebaldeko Europan. Gara-ko kazetariaren arabera, "estatuak gertakariok etxeko gatazkei aurre egiteko erabiltzen ari dira, poliziaren kontrola areagotuta. Jose Maria Aznar Espainiako presidenteak Euskal Herriari buruz esandakoak ikusi besterik ez dago. Inmigrazioa ere buru-haustea da haientzat. Josep Pique Espainiako atzerri ministroak dagoeneko esana du inmigrazioaren gaia terrorismoaren aurkako borrokan sartu beharko litzatekeela".
Xenofobia
Ez dugu ahaztu behar, noski, EEBBetako sarraskiak musulman fundamentalistei leporatu dizkietela eta bestalde, Europara iristen diren etorkin asko eta asko herri islamiarretatik etorri ohi direla: Maroko, Aljeria Europan musulmanekiko mesfidantza zabaldu da eta horrek etorkinen sarrera murrizteko neurriak hartzea erraztu diezaieke gobernuei.
Hortaz, garai zaila omen dator EEBBetan eta Europan bizi diren Asiako eta Afrikako zenbait gutxiengorentzat. Josu Juaristik xenofobiaren arriskuaz ohartarazi du: "atentatuak egin zirenetik musulmanen kontrako eraso asko gertatu dira, EEBBetan ezezik, Erresuma Batuan, Alemanian eta baita Madrilen edo Parisen ere".
Disidentzia susmopean
Mendebaldeko egungo sistema eredua, neoliberalismoa edota globalizazioa zalantzan jartzen duten erakundeak, gobernuen politikaren ildo nagusien kontra egiten dutenak, EEBBen erasoekin bat ez datozenak haiek ere susmopean egon daitezke. Izan ere, EEBBen kontrako erasoak mendebaldeko sistema (gobernuak, enpresa handiak, banketxeak, FMI Nazioarteko Moneta Fondoa ) jipoitu du nolabait eta beraz, biktima gisa ageri dira jendaurrean. Ideia oso erraza da: "begira fundamentalista zoro hauek zer astakeria egin duten. Gure sistematik kanpora ez dago ez zibilizaziorik, ezta inongo demokraziarik ere". Iraileko atentatuen ondoren, adibidez, Frantziako zenbait egunkarik globalizazioaren aurkako mugimendua jopuntuan ipini zuten.
Hemen eta Munduan Euskal Herrian globalizazioaren kontra diharduten taldeetako bat da. Josu Egireun bertako kideak dioenez, "gertakari hauek disidentzia zikintzeko eta kriminalizatzeko erabiltzen ari dira. Quebec-en egindako gailurrean hesi handia jarri zuten, eta Goteburgen eta Genoan indarkeria erabili zuten. Argi dago mugimendu hau apurtzeko era guztiak zilegizkoak direla eurentzat eta orain beste oztopo bat jarri nahi digute". Josu Juaristik bat egin du Egireunekin: "gobernuek dagoeneko zerbitzu sekretuak indartzeko asmoa dutela adierazi dute". Eta gauza jakina da zerbitzu sekretuek kanpotik datorren "arriskua" ezezik, barruko "etsaiak" ere jazartzen dituztela zenbaitetan.
Gerta liteke, egoera honetan, sistemak bere diskurtsoa indartuz gero, globalizazioaren aurkako mugimenduak jende gutxiago erakartzea eta oro har, gizartean babes gutxiago izatea. Hemen eta Munduaneko kidea, ordea, baikorra da: "gero eta jende gehiagok uste du munduak beste norabide batean joan behar duela. Ezinezkoa da gizakien hiru laurdenak goseak egotea, ezin dugu mundua negozio bihurtu eta negozio hori militarren eta polizien indarrean oinarritu. Jendeak ez du gerrarik nahi, ezta EEBBetako hildakoen ordainetan hildako gehiago izatea ere. Globalizazioaren aurkako mugimenduak bat egingo du ideia horrekin".
Kritikarik ez
Gara egunkariarekin gertatutakoa adibide esanguratsua da. Atentatuak zirela eta, Gara diskurtso ofizialetik aldendu zen eta Espainiako hainbat egunkarik oso kritika gogorra egin zioten. Raxoi Espainiako Barne ministroak berak ere Gerraren aurka egin eta EEBBek egunkari honen jokaeraren berri izateaz arduratuko zela esan zuen.
Europan, EEBBetan gerra hotsak entzuten dihardugu. Dirudienez, ordea, gerra ez da New Yorkeko eta Washingtongo atentatuen ondorio bakarra izango. Beharbada, etorkinek, egungo sistema politiko-ekonomikoaren kontrako taldeek, Hirugarren Munduko hainbat herrialdeek ondorioak nozitu beharko dituzte, "inperioa"-ren arranoak atzaparrak zorroztuko ditu eta. Kritika maite dutenentzako garai txarra izan daiteke hauxe.
Inperioa jaun eta jabe
EEBBetan eta beste zazpi estatutan (Luxenburgo, Danimarka, Japonia ) Nazio Produktu Gordina biztanleko 30.000 dolarretik gorakoa da. Munduko 73 herrialdetan, berriz, ez da mila dolarrera iristen. Are gehiago, 47tan ez da 500era ere iristen (Pakistan, Tayikistan, Kongo, Etiopia ).
Gehien garatutako herrialdeetan urtean biztanleko 5.369 kilo energia erabiltzen diren bitartean, Afrikan, Saharatik behera, kopurua ez da 700 kilora iristen eta Asia erdialdean, ezta 500era ere.
Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan honako herri hauek beto eskubidea dute: EEBBak, Erresuma Batua, Frantzia, Errusia eta Txina. Hau da, bakar batek ezetz esanez gero, ezin da inolako neurririk hartu. Beto eskubidea ez dago lotuta herrialdeetako biztanle kopuruarekin. Indiako populazioa, adibidez, Erresuma Batukoa halako 20 da. 1970etik 1990era 105 alditan erabili zen beto eskubidea; EEBBek 60 alditan, Erresuma Batuak 26tan, Frantziak hamaikatan eta Sobiet Batasunak zortzitan.
EEBBek 180.000 soldadu inguru dituzte Europan, 30.000 Mediterraneo itsasoan, 20.000 Arabia Saudin eta Kuwaiten, eta 70.000 inguru Hego Korean eta Japonian.
Nazioarteko diplomazian bileretara berandu iristea gaizki ikusita dago. Bill Clinton EEBBetako presidente ohiak, ordea, berandu iristeko ohitura zuen batzuetan. Clintonek agerian utzi nahi zuen EEBBak gabe bilerek ezin zutela hasi ere egin.
EEBBetako filmak mundu osoko zine ekoizpenaren %6 edo %7 besterik ez diren arren, proiekzio orduei dagokienez, film hauek %50 dute mundu osoan.
Komunikabideen morrontza
EEBBek jasandako atentatuen ondoren, telebista guztiek behin eta berriro erakutsi zizkiguten algara bizian zeuden zenbait haur palestinarren irudiak. Palestinako eskoletan, ordea, umeek isilunea egin zuten erasoetan hildakoen oroimenez, baina hala ere, irudiok ia-ia ez genituen ikusi ere egin. Are gehiago, zenbaitek salatu dutenez, pozez txoratuta zebiltzan ume haien irudiak, EEBBetako CNN telebistak hartutakoak, aspaldikoak ziren, 1991koak.
Manipulazioa arma zaharra da mota honetako gatazketan. Irakeko gerran, esaterako, telebista guztiek petrolio artean igerian zebilen ubarroia erakutsi ziguten. Gerora jakin genuen irudi hura zaharragoa zela, Irak eta Iranen arteko gerrakoa, alegia. Bestalde, behin eta berriro esan zutenez, telebistak zuzenean eskainitako lehenengo gerra zen huraxe. Dena den, telebista zuzeneko emanaldiak bitxi samarrak izan ziren, ez baikenuen inon ikusi irakiarren sufrimendua.
Kontua da atentatuek piztutako krisi honetan, orduko gerra hartan bezalaxe, kontakizuna EEBBetako komunikabideek, eta batez ere CNN telebista ahalguztidunak, egin digutela. Beraiek eskaini dizkigute New Yorkeko irudi ikusgarriak eta hildakorik ikusi ez dugun arren, beraiek erakutsi dute estatubatuarren sufrimendua. Euskal Herriko komunikabide gehienek ere albiste agentzia nagusiek bidalitako informazioa jaso dute. Ildo honetatik, datu esanguratsu bat: Michel Collon kazetari belgiarrak "¡Ojo con los media!" liburuan dioenez, munduko albiste agentzia guztiek zabaldutako hamar berritatik zortzi lau agentziek hedatzen dituzte: EEBBetako AP eta UPI, Erresuma Batuko Reuter eta Frantziako AFP. Denak mendebaldetarrak.
Hamaika gatazka munduan
Politikari eta kazetari askok EEBBetako atentatuak "historian inoiz egindako erasorik bortitzena" izan direla adierazi dute. Egia da eraso bakar batean, New Yorken, sarraski izugarria gertatu dela. Hala ere, ez da oso urrutira joan behar, II. Mundu Gerraraino adibidez, beste eraso, gatazka edo gerra batzuek, epe laburrean edo luzean, askoz ondorio larriagoak eta hildako gehiago eragin dituztela ikusteko. Oraingo hauetan nazioarteak hartutako jarrera oso bestelakoa izan da. Hona hemen zenbait adibide.
-1989an EEBBek Panama okupatu zuten. Bonbardaketetan 10.000 lagun inguru hil ziren.
-1991n EEBBek eta haren aliatuek Iraken aurka borrokatu zuten. Hamarnaka mila irakiar hil ziren. Orduz geroztik, nazioarteak Iraken kontrako blokeoari eutsi dio. Zenbaiten esanetan, herrialde honetan, gosearen eta gaixotasunen ondorioz, milioi bat hildako izan dira.
-1992tik isilpeko gerra dago Aljerian. Zenbait iturriren arabera, 120.000 hildako izan dira orain arte.
-1994an Ruandan tutsien eta hutuen arteko borrokek genozidioa eragin zuten. Frantziak esku hartu zuen arte, milioi erdi bat ruandatar hil ziren.
-Yugoslabiako gerran (1991-1995) 200.000 hildako izan omen ziren.
-Kurduak borrokan ari dira aspalditik Turkian euren nazio eskubideen alde. Borroka honek 30.000 bat hildako eragin ditu. 1999an 30 bat gerra zeuden mundu osoan.
-Gaur egun isilpeko borroka asko daude munduan: Sri Lanka, Txetxenia, Angola, Kongo, Boli Kosta
Iritzi kontrajarriak
Hona hemen asteotan, EEBB-etako atentatuak zirela eta, komunikabideetan irakurri eta entzundako zenbait iritzi esanguratsu.
"Esate baterako, Israelgo zenbait erakundek taktika terroristak erabili zituzten arrakasta handiz Ekialde Hurbilean, britaniarrek eta palestinarrek Palestinatik ihes egin zezaten. Terrorismoak sortu zuen Israel. Palestinarrek borrero israeldarrei ikasitako terrorismoak sortuko du Palestinako Estatua ( ) ".
Rana Kabbani idazle siriarra
"Gaizkiaren eta Ongiaren arteko borroka da hauxe".
George Bush EEBBetako presidentea
"Dorre bikietan hildako atezainak, idazkariak, suhiltzaileak, exekutiboak biktimak dira, EEBBetako atzerri politika eta euren terrorismo militarra inoiz gidatu ez dutenak. Errugabeak ziren. Baina, zalantzarik gabe, ez goseak urtero hildako milioika haurrak bezain errugabe".
Josu Perales Hirugarren Mundua eta Bakea euskal erakundeko kidea
"Mendebaldean arazoa izan genuen ganadu lapurrekin, XIX. mendean. Garai hartako jokaera oraingoaren antzekoa izan zen. Terrorista hauei gizalegezko epaiketa egingo diegu eta ondoren hurkatu egingo ditugu."
Gary Hart, EEBBetako senadore ohia
"Hondakinen azpian hildako asko daude, baina Manhattango hondakinen azpian ezezik, baita Palestinako, Afrikako, Asiako zati handi bateko eta Ameriketako bi herenetako hondakinen azpian ere".
Antonio Alvarez Solis idazle eta kazetari espainiarra