Mugikorrera katigatuta? Horrela funtzionatzen du zure garunak

Azken urte hauetan indar betean zabaldu dira teknologia berriak gizartean. Erabat orokortuta dago Interneten erabilera, batez ere gazteen artean. Eta hain justu, gazteak daude teknologiaren erabilera eta adikzioaren arteko mugan.

Azken ikerketen arabera 15-64 urte bitarteko biztanleriaren %3ak Interneten erabilera konpultsiboa egiten du. Arazo hau azpimarratu egiten da 14-18 urte bitarteko gazteen artean. Teknologia berrien erabilera patologikoak azken urteetan hedatu egin dira, eta lehen kontrolaren nahaste, sustantziarik gabeko ala jokabidezko adikzio bezala kontsideratzen baziren ere, egun adikzio klasikoen oinarri bera dutela onartzen da. Oinarri komun honengatik alkohola eta kannabisa hartzen dutenen artean Interneten erabilera konpultsiboa handiagoa da.

Zer gertatzen da garunean?
Lehendik ezagutzen genituen alkohola, kokaina edo tabakoan erortzera eramaten gintuzten garuneko mekanismoak. Baina sustantziarik gabeko adikzioen agertzeak mekanismoak birpentsatzera eraman ditu ikertzaileak fenomeno hau azaltzeko helburuarekin.

Teknologia berriekiko dependentzia duten pertsonetan garuneko egituretan aldaketak behatu dira. Hain zuzen, aldaketak nabaritu dira aurreko kortexean, zingularrean, gune orbitofrontalean eta sistema linbikoan. Artegatutako gune hauek ordainsariaren, motibazioaren eta bulkaden kontrolaren prozesamenduetan eragiten dute.

Nahaste antzekoak azaltzen dira drogekiko adikzioa duteen eta teknologia berriekiko abusua egiten dutenen artean. Nahaste hauek agertzeko aukera handiagoak dituzte nerabeek, euren garuna oraindik ez delako erabat heldua eta horregatik zaurgarriagoak direlako. Egitura gabezi hauek garuneko gune hauek okerrago funtzionatzea eragiten duten. Bulkada handitzen da, jokabidearekiko kontrola gutxitu eta erabaki egokiak hartzeko zailtasuna hazten da.

Pertsona zaurgarrienen ezaugarriak
Horrez gain, ikusi da teknologien gehiegizko erabilera egiten dutenen artean aldaketa neurokimiko eta genetikoak daudela, eta horiek eragin dezaketela zaurgarritasuna handituz pertsona hauek teknologiaren mendeko bihurtzera. Asaldatutako aldarte emozionalak, autoestimu baxu bat, identitate faltak edo nortasun lotsatiak kontuan hartu beharreko arrisku faktoreak izan daitezke teknologia berriekiko adikzioan erortzeko.

Dependentzia horren ondorioz sintoma antsiosoak, suminkortasuna, desdoikuntza emozionala eta elkarrekintza sozialen mendekotasuna azaldu daitezke. Teknologia berriekiko adikzioa dutenek eguneroko errutinak ez dituzten zaintzen, ahalik eta denbora gehien egon nahi dutelako konektatuak. Lo orduetatik hartzen duten denbora, erritmo zirkandianoa nahastuz. Horregatik, lo kopuru eta kalitatea kaskarragoak dira pertsona hauetan biztanleria orokorrarekin alderatuz. Honek errendimendu akademikoan edo lanean eragina du, kontzentrazio falta eragiten baitu.

3-4 orduz sarera konektatua egoteak errealitatetik isolatzen ditu pertsona hauek, bere inguruko gaiekiko desinteresa gehituz, jokabidearekiko nahastea sortuz eta sedentarismoa, zein gizentasuna haziz. Aldaketa fisikoak ere eragin ditzake: begien idortasuna, entzumenaren galtzea, lepoko eta bizkarreko minak eta hatz lodiaren artikulazioen artrosia. Ez da nahikoa ordea, eritasunak modu zuzenean tratatzeak ez baitu hauek sortzen dituen ohitura aldatzen. Jokabidea aldatu ezean, berriz ere azalduko dira arazo eta min horiek.

Hori dela eta, garrantzitsua da teknologia berriekiko dependentzian eragina duten mekanismoak ezagutzea, eta baita hauek azaltzeko dauden arrisku faktoreak ere. Honen helburua prebentzio politika eraginkorrak aplikatzea da eta biztanle zaurgarrienetan jarrita fokua. Benetako informazioan eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako hezkuntza gakoa da arrisku hauek murrizteko eta teknologia modu egokian erabiltzeko.