Mugikorrak gehiago irauteko aholkuak
Mugikorrari erabilera handia ematen diogu, eta ahalik eta hobekien zaintzea komeni da, gehiago iraun dezan.
Jakin badakigu, produktu askok, mugikorrak tartean, zaharkitze-programatua izaten dutela, haiek erosten jarrai dezagun. Hala ere, badira mugikorrak gehiago irauteko lagungarriak izan daitezkeen zenbait jardunbide.
Hasteko, mugikorra erostean komenigarria da honako hauek kontuan izatea: sistema eragilearen bertsioa berri samarra izatea, azkena bada hobe; RAM memoria zenbat eta azkarragoa izan, hobe; ahalik eta biltegiratze ahalmen handiena, eta ahalik eta prozesadore potenteena izatea.
Behin mugikorra eskuratuta, hura zaintzeko neurri hauek hartzea komeni izaten da:
1. Bateria ondo zaindu
Ez utzi bateria erabat husten. Onena %20-80 artean mantentzea izaten da. Hobe maiztasunez gau osoan kargatzen ez uztea. Ez erabili aplikazio astunik kargatzen ari den bitartean.
2. Tenperatura kontrolatu
Ez ipini eguzkitan eta ez utzi auto barruan udan. Asko erabilitakoan berotu egin dela nabaritzen baduzu, eman atseden. Beroak eta hotz handiak bateria eta barneko piezak kaltetzen dituzte.
3. Babes egokia erabili
Zorroa ipini eta baita pantaila-babesa ere. Erorketek mugikorraren iraupena labur dezakete.
4. Sistema garbi mantendu
Ez instalatu behar ez duzun aplikaziorik, eta aldian behin fitxategi zaharrak eta cache-memoria garbitu. Horretaz gain, sistema eguneraturik izan.
5. Ez bete memoria
Ahal bada, memoria ez bete % 90 baino gehiago. Argazki eta bideo zaharrak hodeira edo ordenagailura pasatu.
6. Kargagailu egokia erabili
Jatorrizko edo kalitate oneko kargagailuak erabili. Kable merkeek bateria eta konektorea kaltetu dezakete.
7. Tarteka berrabiarazi
Telefonoa astean behin berrabiaraztea ona izaten da sistemarentzat.
8. Reset egiteak kalterik ez
Garbiketa egiteaz gain, segurtasun kopia egin eta reset egin dezakezu urtean behin.