Mugikorrak ez dira gaitz guztien erantzuleak

Nerabeek antsietatea, depresioa eta bestelako gaitzak jasaten dituzte, eta gailuak ez dira arazoen iturri bakarra edota nagusia.

Smartphone belaunaldiak inoiz baino arazo psikologiko gehiago ditu; egun, antsietatea eta depresioa nerabeen egunerokotasunean erabat erroturik daude, eta helduek erantzule nagusi bakarra izendatu dute: mugikorra. Baina berriki egindako hainbat ikerketek ezbaian jarri dute arazo psikologiko hauen eta mugikorren erabileraren arteko harremana; dirudienez, beste hamaika faktorek garrantzi bera edo handiagoa izan dezakete nerabeen osasun mentalean.

Ikerketa hauen lehen ondorioa da arazo horiek existitzen zirela mugikorren eztandaren aurretik, nahiz eta beharbada ezkutuago egon. California Irvine univertsitateko irakasle Candice Ordgers-en esanetan, lana topatzeko zailtasunak, krisi ekonomikoak, opiazeoek, presio akademiakoak, eta beste hamaika gaiek biziki kaltetu dezakete nerabeen osasuna.

Honen aurrean, mugikorrei soilik errua botatzea benetako arazoak ezkutatzea ekarri dezake ikerlarien esanetan; helduek, orokorrean, beti izan dute teknologia berriekiko mesfidantza, eta azkarregi egotzi zaizkio nerabeen arazoen ardura guztiak. Joera hau beti errepikatu izan da historian zehar; aurreko belaunaldiek beldur berak izan zituzten telebistarekin, irratiarekin, eta baita liburuekin ere.

Ikerlarien arabera, Oraindik goiz da mugikorren eragin erreala ezagutzeko. Ez da hamarkada bat edo bi baino gehiago igaro smartphoneak masan erabiltzen hasi ginenetik, eta aldiz, bestelako arazo sozialak hor egon dira betidanik. Mugikorrek eta Internetek arazo horiek larritu ditzakete, baina baita laguntza eskaini ere. Hau da; mugikorraren bidez bullying-a jasan daiteke, eta aldi berean, laguntza jasotzeko aukera gehiago eskura izan. 

ZENBAT DA DENBORA GEHIEGI?

Dena den, kontuan izan behar da ere gazte eta nerabeek geroz eta denbora gehiago eskaintzen diotela mugikorrari; AEBetan esate baterako, 11 urteko haurren erdiak mugikorra dute, eta 14 urtetara iristean %85 dira. Gainera, 13 eta 18 urte bitarteko nerabeek egunean 6,6 ordu igarotzen dute pantailen aurrean (ikasketa helburuekin egindako bilaketak kontutan hartu gabe); 8-12 urte bitartekoek aldiz, egunean 4,2 ordu igarotzen dute.