MrBeast youtuber estatubatuarrak 'Gose jokoak' lehiaketa sortuko du

Hogeita sei partaide hautatu eta uharte pribatu batean elkarren aurka lehian arituko dira, milioi bat dolarreko saria irabazteko.

Suzanne Collinsek idatzitako Gose jokoak (Hunger Games) liburu trilogiaren kontakizunak zinemara egokitu zituzten eta arrakasta handia izan dute gazteen artean. Collinsek Sunrise on the Reaping liburua kaleratu du aurten, Gose Jokoen bigarren prekuela, eta ekainaz geroztik pelikula grabatzen ari dira. 2026an estreinatuko dela aurreikusten dute, eta zaleak emaitza ikusteko gogotsu daude. 

Testuinguru horretan James Stephen Donaldson edo MrBeast deituriko youtuber estubatuarrak Gose Jokoak birsortuko duela iragarri du, aurrez Squid Game-rekin (Txibiaren Jokoa) egin bezala. 

Gose Jokoak Panem izeneko fikziozko munduan kokaturik dago. Kapitolioaren aginduz, urtero hogeita lau nerabe —hamabi barrutietako neska-mutilak— elkarren aurka borrokatzen dira, bakarra bizirik geratu arte. Iraganean izandako matxinada bat zigortzeko eta barrutiei mendean daudela gogorarazteko modua. Gainera, eliteentzat telebista bidezko entretenimendua ere bada. 

Donaldsonek nabarmendu duenez, sortuko duen benetako lehiaketa "erabat seguru eta kontrolatua" izango da, eta jatorrizko sagaren "tonu ilun eta bortitzetik oso urrunekoa". "Ez dugu pertsonarik hilko, noski" adierazi du, baina "dibertsioa eta intentsitatea" izango da. Benetako armak erabili beharrean, laser gailuak eta simulazio teknologia erabiltzea pentsatzen ari omen da, indarkeria erreala baztertze aldera. Uharte pribatu batean izango da lehia eta hogeita sei lehiakidek hartuko dute parte milioi bat dolarreko saria irabazi nahian. Amaieraraino aktibo mantentzen dena izango omen da garailea.

Albiste honek zalaparta sortu du sareetan. Zenbaitek gogorarazi du jatorrizko sagan herritarrak emozionalki manipulatzen direla, eta sakrifizioa goraipatzeko eta Kapitolioaren boterea sendotzeko jokoa dela, ikuskizun bihurtutako indarkeria instituzionala tarteko.

Youtuberrak adierazi du Squid Game birsortu eta Willy Wonkaren txokolatezko fabrika eraiki zuela aurrez, fikziozko ideiak errealitate bihurtzen dituztela eta jendeak oso gustuko duela. Salaketak ere izan dira ordea, MrBeasten ekimenetan. Beast Games telebista lehiaketako zenbait parte hartzailek demanda aurkeztu zuten epaitegian, grabazioan izandako giroa "oldarkorra eta arriskutsua" izan zela eta. Lehiakideetako batzuk lesio fisikoak eta arazo emozionalak izan zituztela eta oinarrizko behar batzuk ere behar bezala bermatu ez izana salatu zuten. 

Datozen hilabeetan ikusiko da zer gertatzen den youtuberraren ideia berri honekin. Zer iruditzen zaizu zuri?