Mongia onddo magikoa

Gero eta jende gehiago doa mendira onddo txiki eta berezion bila. Egia esan, mendizaletasuna suspertzeko baliagarria izan dela dirudi. Baina, zer dira mongiak? Zein efektu dituzte buruan? Noiz eta non sortzen dira? Hona hemen onddo "magiko" hauen nondik-norakoak.


Hamaseitik gora mongi mota daude. Hala ere, gehien hartzen direnak Psilocybe semilanceata motakoak dira. Onddo hauek txikiak dira, eta Psilocybe coprophile-ekin batera, preziatuenak gure herrian. Toki heze eta garaietan sortzen dira, behi gorotzen artean askotan, eta orain da sasoirik oparoena. Izan ere, uda amaieratik aurrera eta lehenengo izozteak hasi arte mongiz betetzen dira gure mendi eta zelaietako hainbat eta hainbat txoko.
Mongizaletasuna ez da berria. Dena den, azken urteotan asko indartu da, hainbeste, non batzuk kezkatzen hasiak diren: martxa honetan jarraituz gero, onddoak agortuko direla diote "mongilogian" zenbait adituk. Izan ere, mendira mongi bila doan askok ez daki onddoak hartzeko erak garrantzia handia duela. Alegia, mongia hartu baino lehen, kolpetxo bat eman behar zaio esporak aska ditzan eta leku horretan bertan berriro ere mongiak sor daitezen. Hau egin ezean, toki horretan ziur asko ez da gerora mongirik sortuko.
Osagarri magikoa
Baina zer demontre dute mongiek horren preziatuak izateko? Psilocibina izeneko sustantziak du errua. Mongi guztiek dute sustantzia hau, batzuek gehiago, beste batzuek gutxiago eta kopuruaren arabera sailkatu ohi dira. Mongirik arruntenek 0,03 miligramo psilocibina izaten dute fresko daudenean. Lehortzen utziz gero, aldiz, kopuruak gora egiten du, 0,3 miligramotara. Mongi bakarra janez gero, onddoak ez du inongo eraginik buruan. Beraz, jendeak askotxo jan ohi ditu "piztuta" egoteko. Alta, gehienezko dosia 150 mg-etan jarrita dago.
Eta zein da psilocibina-ren eragina? LSD-ren antzekoa dela esan ohi da, baina hori ez da oso zuzena. Aditu batzuen esanetan, "espirituen munduekin" harremanetan jartzen diguten giltza magikoak dira, inkonszientera heltzeko aukera ematen dutenak, hain zuzen. Greko klasikoaren hitz bat erabiltzen da sustantzia horren eragina azaltzeko: enteogenoa (gure barneko esperientzia sakratua). Hitz potoloak. Bestela esanda, mongiak janez gero, inguruko pertzepzioa aldatzen da, koloreak intentsitate handiagoaz antzematen dira, sentsibleago bihurtzen gara, denboraren sentsazioa galtzen da...
Aitzitik, hirian edo mendian jatea desberdina da oso, gorputzean eta buruan sortzen duten eragina ez baita berdin antzematen leku batean edo bestean. Adituen ustez, mendian hartzea da egokiena, naturarekin harremanetan eta haien "magikotasun guztia lurrarekin konpartituz".
Legearen gorabeherak
Drogen munduan sartuta, legearekin ibili behar dugu beti gora eta behera; zer den legezkoa, zer legez kanpokoa... Psilocibina sustantzia legez kanpokoa da. Mongiak saltzea ere legearen kontrakoa da. Mongien esporak saltzea, ordea, ez dago legez kanpo. Baina, mongiak lehortzen utziz gero, legea urratzen ari da. Ezer ulertu al duzue? Ez da batere erraza gai honetan legezkotasunari buruz hitz egitea, ez baitago arau zehatzik mongiei buruz. Ziur egon, hala ere, "autoritateak" onddo hauekin harrapatuz gero, ezer gabe geratuko zarela.

Bestelako landare enteogenoak


Mongiez gain, badira antzeko osagarriak dituzten bestelako landareak edo onddoak ere, eta beraz. enteogeno mundu horretan sartu beharko genituzke. Honako hauek, besteak beste:
• Peyotea
• San Pedro kaktusa
• Ayahuaska
• Salbia Divinorum