Modaren kontsumo eskergari aurre egiteko irtenbidea: arropa konpontzea
Urtean 92 milioi arropa hondakin sortzen ditugu. Arropa berrien kontsumo azkarrari aurre egiteko irtenbiderik jasangarrienetako bat arropa konpontzea da. Moda erakunde asko arropak konpontzeko zerbitzuak txertatzen hasi dira kontsumo ohiturak aldatzeko xedez.
Izan ere, arropak konpontzeko negozioak merkatu-nitxo interesgarria du gaur egun. Modaz eta jasangarritasunaz geroz eta gehiago hitz egiten da, bigarren eskuko piezak eskuratzeaz, arropa garestiagoa baino iraunkorragoa erosteaz... baina badirudi funtsezko gauza bat ez dela kontuan hartzen: hondatutako edo hautsitako arropa konpontzea bere erabilera gehiago luzatzeko. Azken finean, ez kontsumitzea baino gauza jasangarriagorik ba ote dago?
Pasa den udan, Farfecht, luxuzko modaren plataforma digital nagusia, The restory-rekin elkartu zen luxuzko arropa eta osgarriak konpontzeko negozio bat sortzeko. Elkarrekin Farfecht fix zerbitzua eskaintzen dute bere bezeroentzat (eta ez bezeroentzat). Nahikoa da artikulua beraiei bidaltzea eta konponketaren aurrekontua egiten dute (markaren poltsa bat konpontzegatik 50 euro). Tom Berry, plataforma ezagunaren zuzendari jasangarriak dio "modu honetara gure bezeroek apur bat gehiago apreziatuko dituzte gure piezak, eta zorte apur batekin, erosketak hausnarketa gehixeagorekin egingo dituzte".
McKinsey & Co. aholkularitza erakundeak 2020an argitaratutako The state of fashion ikerketaren arabera, bataz beste pertsona bakoitzak orain dela hamabost urte baino %60 arropa gehiago kontsumitzen du. Europar Parlamentuak iaz burututako txosten batek dio pertsonako 11 kilo arropa jaurtitzen direla zaborretara urtean, guztira 92 milioi tona arropa. Irtenbidea, noski, gutxiago kontsumitzea da, baina baita armairuan ahaztuta dugun hori berriz erabiltzea ere. Hori dela eta, modako erakunde asko euren kontsumitzaileen pentsatzeko modua aldatzen saiatzen ari dira: konpondu, armairua berritu aurretik.
Bigarren Mundu Gerran britainiar gobernuak bere biztanleriaren artean Make do and mend deitutako panfletoak banatu zituen. Bertan objektuak eta arropak konpontzeko oinarrizko arauak erakusten zituen. Eskuliburu txiki hura berriz ere argitaratua izan zen 2013an, krisi ekonomikoaren erdian. Izan ere, betidanik konpondu izan dira gauzak, gure aitona-amonek halaxe egiten zuten. Berrikuntza kontsumitzearen ideia nahiko berria da. Industria, gauzak konpontzearen garrantziaz ahaztu da. Badirudi gauzak aldatzen ari direla ordea. Louis Vuitton marka ezagunak bere poltsak doan konpontzen ditu eta Hermès-ek, luxuzko markak, konponketetan adituak diren 78 talde ditu mundu osotik banatuak bere produktuak konpontzeko. 700 konponketa zerbitzu baino gehiago eskaintzen ditu.
Guztion poltsikoarentzat eskuragarriagoak diren markak ere ari dira horrelako zerbitzuak txertatzen. Patagonia markak 2017an Worn Wear deitutako proiektua martxan jarri zuen bere arropak doan konpontzeko edota kontsumitzaileak jada erabiltzen ez dituen piezak euren dendetara itzultzeko kontsumitzaileari ordaintzeraino iritsi da. Moda digitaleko Zalando marka erraldoiak Save your Wardrobe deitutako programa pilotua jarri du martxan, bere bezeroek arropa eta zapata konponketetako zerbitzura sarbidea izan dezaten herrialde ezberdinetan.
Egia esan behar bada, arropa konpontzearen ohitura itzuli izana belaunaldi berriei zor diegu. TikTok plataforman #sewingTikTok (TikTok josten) traolak sekulako arrakasta du. Bertan, bideon bitartez, arropa zaharrak konpontzeko duten abilezia erakusten dute gazteek. Harrotasunez erakusten dituzte euren konponketak. Mugimendu ederra, berritasunaren tiraniari aurre egiteko.