Moda desfilea egingo dute Balmasedako Encartada Fabrika Museoko XIX. mendeko makineriaren inguruan
Desfileez gain, tailerrak, hitzaldiak eta mahai-inguruak ere izango dira ostiraletik igandera.
Balmasedako Encartada Fabrika Museoa moda-pasabide bihurtuko da maiatzaren 27, 28 eta 29an. Ehungintza fabrikako mende bat baino gehiagoko makineriaren inguruan desfilatuko dute Antonio Alvarado, Pam Hogg, Aitor Goikoetxea, Eduardo Navarrete, Eñaut, Reveligion, Ainhoa Fustel, Ganboa, Giuliano Weisz eta Gu·Da Eyewear moda-profesionalen diseinuek. Bertako, Espainiako Estatuko eta nazioarteko profesional ezagunak elkartuko dira topaketa honetan.
Desfileez gain, Encartada Modak moda jasangarriari lotutako jarduerak eskainiko ditu hiru egun horietan. Basque Bio Design Centerren eskutik tailerrak emango dira bioplastikoak, bioehunak eta teknologiadun moda sortzeari buruz, ehun-zuntzentzako estanpazio botanikoari buruz eta ehun-serigrafiari buruz, 8 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Etorkizuneko materialen erakusketa bat ere izango da, eta Kombuchako Mahaia egingo da, hau da, diseinu-prozesuan organismo biziekin lan egiteko esperientzia bat aztertuko da. Bestetik, El Futuro de la Moda: nuevos materiales y nuevos procesos mahai-ingurua egingo da Airí Ferrer, Anastasia De Lellis eta Raquel Bujekin, eta baita Antonio Alvaradoren, 2021eko Moda Diseinuko Sari Nazionala lortu duena, hitzaldia ere. Gainera, asteburu osoan zehar Fashion Filmak proiektatuko dira The Eko Lab-en eskutik.
Jarduerak La Encartada fabrikaren barruan egingo dira, eta instalazioetan sartu eta XIX. mendeko makinen artean desfileez gozatzeko aukera izango da, eta baita aurrez aipatutako jardueretan parte hartzeko ere. Programazioa osoa zintzilikatu dute webgunean, eta bertan egin behar da ekintzetarako izen-ematea ere. Doako autobus zerbitzua ere izango da ostiralean eta larunbatean, EITBren egoitza ondoko geltokitik fabrikara joan-etorriak egiteko.
