Miruaren ikuskizun berria: 'Gazte eta Lorios'

Kontzertu berezi hauek musika zein ikus-entzunezko osagai berriak izango dituzte. Martxoan Donostian eta maiatzean Bilbon izango dira.

Miruaren lehen diskoak, Mirueneak, Euskal Herriko musika entzuleen arreta bereganatu du, eta tradizioaren eta abangoardiaren artean eraikitako zubian dantzan jarraitu nahi du taldeak. Oraingoan proposamen berezia dakarte: Gazte eta Lorios izeneko ikuskizun berria.

Gazte eta Lorios esaldiak euskal abesti tradizional bati egiten dio erreferentzia — Gazte naiz eta Lorios —, gaztetasuna, indarra eta loraldia irudikatu nahian. Aditzera emandako asmo garbia da: bizitasunari, sustraiei eta etorkizun partekatu bati egindako kantua.

Ikuskizun honetan musikari gehiago, kolaborazio bereziak eta dantzariak izango dira oholtza gainean, eta arreta berezia eskainiko diote ikuskizunaren alde narratiboari.

Bi emanaldi egingo dituzte: bata, martxoaren 6an, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta bestea, maiatzaren 7an, Bilboko Kafe Antzokian. Bilboko kontzerturako sarrerak gaur jarriko dituzte salgai, 11:00etatik aurrera, lasttour.org-en. Donostikoaren salmentaren egunari buruzko informazioa, berriz, taldeak emango du sare sozialetan hurrengo egunetan.