Miren Vives zientzialariarekin solasaldia izango da gaur Donostian

Uzuri Albizu eta Onintze Salazarrekin ere egingo dituzte elkarrizketak azaroan eta abenduan.

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatutako Emakume zientzialarien argitan solasaldi-zikloaren baitako hiru saio egingo dira  udazkenean. Emakume zientzialariak ezagutzea du helburu egitasmoak. "Emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira zientziaren eta teknologiaren historian, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen diskriminazioa arlo horretan", azaldu dute antolatzaileek.

Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileak gidaturiko aurrez aurreko elkarrizketen bidez, arlo desberdinetan diharduten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da: Miren Vives Urbieta, Uzuri Albizu Mallea eta Onintze Salazar Perez. Ikertzera zerk bultzatzen dituen azalduko dute, zer galderari erantzun nahi dioten, zerk harritu dituen gehien eta zer zailtasuni egin behar dieten aurre.  Gainera, "bi kulturen" estereotipoa, hau da zientziaren eta humanitatearen artekoa, gainditzeko gogokoen dituzten liburuak gomendatuko dituzte.

Gaur izango da lehen solasaldia, Miren Vives Urbieta arkitektoarekin. Nola diseinatu hiri eta etxe bizigarriak eta osasungarriak denontzat izango du izenburua saioak. Hiri eta auzo osasungarriago eta bidezkoagoak sustatze aldera, ingurune urbanizatu eta eraikiek gure eguneroko bizitzan eta ongizate fisiko, mental eta sozialean duten eraginean oinarritutako diagnostiko eta proiektuak egin ohi dira. Horretarako, hainbat ikuspegi hartzen dira aintzat: besteak beste, generoa, zahartze aktiboa, haurtzaro autonomoa, aniztasun funtzionala eta ahalmen ekonomikoa.

Miren Vives Urbietak Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan ikasi zuen, eta Markina-Xemeingo Arrizabalaga arkitektura-bulegoan lan egin zuen gero sei urtez. Arkitektura-bulego txiki bat jarri zuen martxan, Patxi Galarragarekin batera. Hiri eta auzo osasungarriagoak eta bidezkoagoak sustatzeko lanean aritzen da.

Bi saio azaroan eta abenduan
Uzuri Azbizu Mallea izango da bigarren elkarrizketatua, azaroaren 20an. Matematikak izango ditu hizpide Matematika, gertutik eta barrutik izeneko solasaldian. Honela deskribatu dute saioa: "Gizartean oso zabalduta dago pertsona bereziki adimentsuek bakarrik ikas eta uler dezaketela matematika. Normalean, gainera, gizon batek gorpuzten du jenioaren irudi estereotipatu hori. Eta horrek eragina du ikasleengan: izan ere, sei urterekin, neskek jada gutxietsi egiten dute matematikak ikasteko beren gaitasuna, eta itxitzat ematen dituzte etorkizunerako bide batzuk".

Uzuri Albizu Mallea matematikan lizentziatua da, eta hiru master egin ditu: Matematikaren Didaktika, Bigarren Hezkuntzako Irakasletza eta Ikasketa Feministak eta Generokoak. Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean egiten du lan, Matematika Didaktika, Zientzia Esperimentalak eta Gizarte Zientziak Sailean. 2023an, doktore-tesia aurkeztu du EHUko Ikasketa Feministak eta Generokoak programaren barruan: Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren lekuak. Ahots feministek lagundutako kartografia bat.

Azken solasaldia abenduaren 11n izango da, Onintze Salazar Perezekin, Eguraldia aldatu da edo aldaketa klimatikoagatik da? izenburupean. Azkenaldian, muturreko fenomeno meteorologiko ugari izan ditugu inguruan: uholdeak, lehorteak, haizeteak… Horrekin batera, begien bistakoak dira zenbait aldaketa: Pirinioetako glaziarrak desagertzen ari dira, animalia migratzaileak beren ohiturak aldatzen ari dira, eta landaretzaren egitura eta hedapena ere aldatzen ari da. Eta eguraldia ere ez omen da garai batekoa.

Onintze Salazar Perez fisikan lizentziatua da, Meteorologiako espezialitatean, eta Ingurumen Ingeniaritzako eta Kultura Zientifikoko masterrak ditu. Tecnaliako energia- eta ingurumen-saileko ikertzailea da, meteorologo gisa aritzen da Euskalmeten, eta EiTB taldeko komunikabideetako kolaboratzailea da.

Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian. Solasaldien audioak Donostia Kultura Irratiko (DK Irratia) podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean entzun ahal izango dira.