Miren Asiain Lora: "Iritsi da hormak zikintzeko momentua!"

Iruindar gazteak 2012ko Etxepare Ilustrazio Saria jaso du 'Hara!' haurrentzako bildumari esker. Arte Ederretan lizentziaduna, egunerokotasuna eta fantasia nahastu ditu marrazkietan, perfekziotik urrun. Tarte libreak ere sorkuntzarako erabiltzen ditu, bizitzako istant bakoitza forma ezberdinetan izoztuz.


Ilustrazio lehiaketa batean izena eman duzun lehen aldia da. Nolatan hartu duzu parte?
Egia esan, lehenagotik ere banuen sarien berri, baina aurtengoan nire ahizpak bidali zidan lehiaketari buruzko informazioa eta berari esker animatu nintzen. Pixkanaka, ipuina pentsatu eta berau sortzen joan naiz.

Azalduiguzu nola sortzen den haurrentzako album bat. Ideia finkatzen duzu lehenengo?

Kasu honetan, ipuina nori zuzendu nahi nion eta pertsonaiaren ezaugarriak zeintzuk ziren argi nuen hasieratik, baina aitortu beharra dut istorioa amaitu arte ez dudala erabat garbi izan.

Pixkanaka marrazten joan zara, orduan.

Beti izaten dut irudiren bat buruan bueltaka. Batzuetan ez da irudia ere, intuizio moduko bat baizik, eta horren inguruan marrazten hasten naiz. Hortik abiatuta, istorioaren nondik norakoak, irudi kopurua, zirriborroak… osatzen ditut, eta lanak aurrera egin ahala, gauzak aldatzen joaten naiz.

Irudiei milaka buelta ematen dizkien horietakoa zara, ala amaituta dituzunean utzi eta hurrengoarekin hasten zara?

Espontaneoa naizela uste dut, gauzak suertatzen diren moduan lantzen baititut, jolasa bailiran; azken batean, emaitza ona lortzea da jomuga.  Hala ere, horrek ez du esan nahi ilustrazioei bueltak ematen ez dizkiedanik: lehenengo sortutako irudiarekin geratzen banaiz ere, mila aldiz pentsatu dudalako izaten da.

Irudiei testua ere gehitzen diezu...

Ez ditut testu luzeak idazten, esaldi motzak baizik, pista modukoak; eta nork bere bidetik jarraitzeko aukera zabalik uzten dut. Xelebrea da, nire logelako paretetan edota koadernoetan esaldi solteak baino ez ditudalako idazten. Batzuk inkontzienteki irteten zaizkit, nire pentsamenduetatik; beste batzuetan, duten zentzua gustatzen zait. Zenbaitetan, aldiz, kaligrafia probatzeko baino ez ditut idazten!

'Hara!' bilduman pertsonen egunerokotasuna "besterik gabe" agertu duzu. Nolakoa da zurea?

Aurtengoa da klaseetara egunero joateko beharrik ez dudan lehen urtea, iaz amaitu bainituen Arte Ederretako ikasketak, eta oraindik ez naiz aldaketara ohitu. Oro har, goiz jaikitzen naiz lanera joateko, eta libre ditudan arratsaldeetan josten ikastera joaten naiz. Horregatik, nire lan pertsonalak egiteko gauak erabiltzen ditut, horixe baita momenturik egokiena, etxea isilik dagoenean.

Esan bezala, Arte Ederretan lizentziaduna zara. Txikitatik argi al zenuen marrazketa zela zurea?

Betidanik marrazteko beharra sentitu dut, edo marrazteko baino gehiago, sormen lan ezberdinak egitekoa esango nuke, gauzak probatzeko irrika.

Etxeko paretak zikintzen zituen horietakoa izango zinen...

–Barre egiten du–. Ez, txikitan oso formala nintzen, orain iritsi da hormak zikintzeko momentua!

Kasu honetan collagea, irudi digitalak eta arkatzezko marrazkiak tartekatu dituzu.
Bai, irudiak sortu ahala landu eta aukera ezberdinak probatzen joan naiz. Azkenean, horiek izan dira erabilitako teknikak, baina beste edozein bitarteko erabiltzeko ere prest egon naiz uneoro.

Zure lanak "inperfekzio erakargarri bat" duela dio Jon Zabaletak, saria eman dizun epaimahaiko kideetako batek. Nola azalduko zenuke hori?

Nik uste dut lehen esandako berezkotasun horrekin loturik dagoela. Inperfekzioa edo dena delakoa prozesuaren atal bat gehiago da, eta nire kasuan, horixe bilatzen dut zenbaitetan. Gustuko dut perfekziorik eza erakustea, eta horretaz baliatzen naiz.

Ilustraziotik haratago, argazkigintzan ere aritzen zarela ikusi dut. Flickr-en kontu bat bete duzu dagoeneko!

Bat ez, bi! –barrez–. Eta orain hirugarrenarekin hasi naiz. Maite dut argazkiak ateratzea, nire egunerokotasunaren unetxoak gordetzeko baliabidea baita. Batzuetan, dena den, "zertarako ari ote naiz etengabe argazkiak ateratzen?" galdetzen diot nire buruari, eta kamera uzten dut denbora batez. Baina berehala pasatzen zait haserrealdia, eta argazkiak egiten jarraitzeko beharra sentitzen dut.

Eta kameraren aurrera, noiz?

Bai, noizbait pentsatu dut –barrez–. Baina esan bezala, gauzak sortzea gustatzen zait, eta horretarako kameraren atzean erosoago sentitzen naiz.

Urria hasieran aurkeztuko dute 'Hara!' Iruñean, argitaraturik ikusiko duzun zure lehen lana!

Bai. Oso pozik nago, baina era berean beldur pixka bat ere sentitzen dut, esperientzia berria baita niretzat. Izugarria da.

Halako lanak egiten jarraitzeko indarra emango dizu, behintzat!

Noski, hori baita nire ametsa.

Eta bestelako artelanetara jauzi egiteko asmorik al duzu?

Margolanak, eskulturak eta halakoak egiteko aukera ez dut sekula baztertu, baina gauza bakoitza behar denean egin izan dut orain arte. Sormena gelditu ezin den zerbait da, eta etengabe ari naiz gauzak pentsatzen. Batzuek liburuxka forma hartzen dute, beste batzuek bideoarena, edota argazkiena. Baina asmatzen jarraitzea da niretzat garrantzitsuena.