Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' liburua izango da Bilbo Zaharra Forumen jardunaldietako ardatza

Bertso-saio literarioa eta hainbat hitzaldi izango dira datozen egunetan.

Miren Agur Meaberi eskainiko dizkiote hiruhilabete honetako Bilbo Zaharra Forumeko jardunaldiak. Kristalezko begi bat. Gaurko literaturaren ikur izenburupean egingo dituzte saioak, bihartik ostegunera bitarte, 19:00etatik aurrera, Euskaltzaindiako areto nagusian.

Bihar, hilak 14, bertso-saio literarioa egingo dute Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin. Uxue Alberdi bertsolari eta idazlea arituko da gaiak jartzen.

Etzi, hilak 15, Ibon Egaña eta Jule Goikoetxea izango dira jardunaldietan. Egañak Liburuak idazlea sortzen duenean hitzaldia emango du, eta Jule Goikoetxeak, berriz, Kristalezko begi bat, kristalezko begirada bi eta protesi kultural ugari.

Azkenik, ostegunean, hilak 16, Karmele Jaio eta Unai Elorriagak hartuko dute parte. Jaioren hitzaldia Meaberen kristaletik begira izenekoa izango da, eta Elorriagarena Miren Agur Meaberen begiradak.