Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik ezkontzak izango dituzte hizpide 'Harpa jotzen' podcastaren atal berrian

Ana Goitia izango da gaurtik aurrera entzungai dagoen bigarren denboraldiko lehen saioko gonbidatua. Hamar atal izango dira guztira.

Gaur abiatuko dute Harpa Jotzen  podcastaren bigarren denboraldia EITBPodkast atarian. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileen "poZkastaren" atal berri bat izango da entzungai astelehenero. "Txorakeria eta fundamentu gabeko gauzei" eskainiko diete tartea.

Hamar atal izango ditu bigarren denboraldiak eta atal bakoitzean gai zehatz baten inguruan ariko dira bi aurkezleak, gonbidatu berezi batekin. Umoretik helduko diote gaiari eta honako hauek izango dituzte bidelagun, besteak beste: Antton Telleria, Ane Lindane, eta Lur Errekondo. Gaur estreinatu den lehen atalean, Ana Goitia aurkezlea eta moda aditua izango da eurekin, eta ezkontzen inguruan arituko dira.

Atalak www.eitb.eus/harpajotzen gunean entzun daitezke, eta baita Spotify, Apple podcast eta abarretan ere. Harpa Jotzen podcasta Hirudamatxok ekoitzi du EITBPodkasterako.