Mintza Eguna 2014, larunbatean Izarran
Euskal Herri osoko ehunka mintzalagun bilduko dira larunbat honetan Izarran, Izarrako mintzalagunek eta Euskaltzaleen Topaguneak Urkabustaizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin antolatu duten Mintza Egunaren bederatzigarren edizioan.
Arabako Gorbeialdeko Urkabustaizen dagoen Izarra biztanle gutxiko herrixkan egingo dute aurten, ·mintzapraktika mugimendua hedatu eta ikasturteari bukaera goxoa" ematea helburua duen Mintza Eguna festa.
Biztanle gutxi diren arren, astero 30 lagun mintzalagun taldeetan elkartzen dira, Izarran, eta herriko bestelako egitasmmoetan ere saretzen apostua egin dute. Horregatik, larunbateko ekimenaren antolakuntzan azpimarragarria da Izarrako Lan eta Jolas elkartea, Gazte Asanblea, Bertso Eskola eta bestelako kultura eragileen partaidetza.
Antolatzaileek egun osoko festara gerturatzeko gonbita luzatzen diete euskaldun guztiei. Festa goizeko 11:00etan hasiko da dantzariak, txalaparta eta joaldunek girotutako hamaiketakoarekin eta ondoren, bi aukera izango dira: herriko mendi taldearekin batera Beluntzako ur-jauzietara ibilalditxoa egitea, edo Izarran jolasak tartekatuko dituen Mintzodromoan parte hartzea.
Festak arratsaldean ere jarraituko du eta eguna borobiltzeko, Urkabustaizko gaztetxean kontzertuak antolatu ditu bertako Gazte Asanbladak, 22:00etatik aurrera.
Mintzapraktika egitasmoek
Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin batzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Gaur egun ia 5.600 mintzalagunetik gora daude Euskal Herri osoan, eta urterik urte gora egiten du izen emateak. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta Euskal Herri osoko 80 herri eta eskualdetan zabalduak daude. Azken urteetan, bereziki indartu dira hirigune handietako egitasmoak (Donostialdea, Gasteiz, Iruñerria eta Bilbo inguruko eskualdeak).
Egitaraua
11:00 Ongi etorria eta hamaiketako plaza berrian
12:00 Beluntzako ur jauzietara mendi ibilaldia, edo jolas Mintzodromoa. Aukeran!
13:30 Mintza kalejira bertsolariekin
14:30 Bazkaria plaza berrian
16:30 Mintzalagun taldeetan ahalegin berezia egiten duten zenbait kideri sari banaketa
17:30 Erromeria Parradust taldearekin
22:00 Kontzertuak gaztetxean