Minnie Mouse-k, lehengo aldiz, gona kendu du eta galtzadun trajearekin agertu da
93 urte behar izan ditu horretarako. Stella McCartney-k diseinatu du, Disney-ko ikonoarentzat trajea, Pariseko Disneyland-en hogeita hamargarren urteurrena dela eta.
Minnie-k sekula ez zuen orain arte gona kendu. 94 urte betetzear dela, Minnie Mouse galtzadun traje batekin jantzi da. Mugarri hau Stella McCartney diseinatzaile britainiarrak lortu du, berak diseinatu baitu trajea. Minniren pikartadun soineko mitikoaren berrasmakuntza da, oihal jasangarriekin landutako esmokin urdin eta beltza.
"Minnie-k beti izan du txoko berezi bat nire bihotzean. Balore berdinak partekatzen ditugu. Gustuko dut Minnie-k helarazten duen zoriontasuna, adierazpen askatasuna, benekotasuna... eta horrekin adin guztietako pertsonak inspiratzen ditu mundu osoan zehar", esan du diseinatzaile britainiarrak pertsonaiaren armairua berrasmatzearen inguruan hitz egin duenean.
Ikono kultural hauen itxurak eta hauek aurrerapen sozialarekin duten harremanaren inguruan etengabe eztabaidatzen den mundu honetan, Minnie-ren eraberritzen funtzionala egin nahi izan da, egungo garaietara egokitzeko. Azken finean, 1911. urtetik aurrera galtzak ez dituzte gizonezkoek bakarrik janzten. Urte horretan Paul Poiret-ek emakumeentzako galtzak merkaturatu zituen eta 30. hamarkadan Coco Chanel-ek modan jarri zituen, justu, Minnie jaio baino bi urte lehenago. Azkenik, laurogeita hamar urte beteak dituen honetan, Minnie-k galtzak jantzi ahalko ditu.
Dena den, ez da lehengo aldia Minnie Mouse-k armairua eraberritzen duela. Orain dela urte batzuk, Alber Elbaz-ek Barney's arropa kate handiarentzako bere soinekoa berrasmatu zuen. Polemika izugarria sortu zen orduan, ez baitzion soinekoa eraberritu bakarrik, baizik eta Minnie argaldu ere egin zuen. Honek, Leave Minnie Alone (utzi Minnie bakean) mugimendua sortu zuen change.org plataforman, Minnie-ren pertsonaia argaldu gabe bere horretan utz zezaten eskatuz.
