Miner, Sarriugarte eta Altuna, Martin Ugalde beka saridunak
Genero ikuspegiak Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkarietan izandako ibilbidea kazetaritza ikuspuntu batetik aztertuko duen dokumentala osatzeko, 8.000 euroko Martin Ugalde beka jaso dute hiruek.
Kattalin Minerrek, Maddi Altunak eta Danele Sarriugartek eskuratu dute Martin Ugalde beka. Urtebeteko epea eta 8.000 euroko aurrekontua izango dute beren proiektua osatzeko; hain zuzen, genero ikuspegiak Euskaldunon Egunkarian zein Berrian izan duen ibilbidea aztertuko dute dokumental batean.
Bekaren irabazleek adierazi dutenez, proiektuak hiru ardatz izango ditu: Batetik, genero ikuspegiak eta genero gaiek egunkarietan izan duten bilakaera aztertuko dute. Bestetik, bilakaera horrek irakurleengan izandako eragina neurtuko dute, eta azkenik, mugimendu feministek eta beste hartzaile batzuek lan horren inguruan duten iritzia ikertuko dute.
Martin Ugalde kultur parkeak, Berria Fundazioak, Elkar Fundazioak, Jakin Fundazioak eta Andoaingo Udalak Martin Ugalde beka deialdia zabaltzen dute bi urtean behin. Bi gairen inguruko ikerketa egiteko aukera eskaintzen dute bertan: Martin Ugalde bera ala euskal kazetaritzarekin gaineko ikerketa. Dena den, deialdi bakoitzean gai zehatz bat proposatzen dute, eta aurtengoan Euskaldunon Egunkaria eta Berria euskarazko egunkariek genero gaietan izan duten eragina aztertzeko aukera eskaini dute.