Min Sarietan euskarazko disko onenaren saria lortzeko hamabost hautagaiak aukeratu dituzte
Akaleia, Bulego,Ibil Bedi, eta Izaroren lanak daude besteak beste.
Espainiako Estatuko Musika Independentearen MIN sarietan euskarazko diskorik onena irabazteko hautagai izango diren hamabost artistak hautatu dituzte botoen bidez. Honako hauek dira aukeratuak: Akaleiaren Ondoloin, Amoranteren Harri herri har, Bulegoren Aldatu aurretik, Esne Beltzaren Esne Bidea, Ezpalak taldearen Lagunekin zuzenean, Ibil Bediren Goldea, Jai/Egunen Argiek istilu, Kepa Junkeraren Erromeriak, Kuttuneren Zer ote da?, Izaroren Cerodeenero, Intzaren Aheri, Muganen Aurrera ez den alde batera, Nogenen Åben cirkel, Sara Azurzaren Hemen berriro, eta Zetak taldearen Aaztiyen.
Epaimahai profesional batek bost finalista aukeratuko ditu, eta irabazlea apirilaren 7an ezagutaraziko da, Zaragozan egingo den galan.
MIN sariek Espainiako Estatuko ekoizpen independenteen sorkuntza, aniztasuna eta kalitate artistikoa aitortzen dute 2009az geroztik. Etxepare Euskal Institutuak euskarazko disko onenaren Etxepare saria babesten du, euskaraz sortutako musika independenteari ikusgarritasuna eta zabalkundea emateko asmoz.