Milaka lagunek hitzordua dute igandean Tafallan
Gipuzkoako Ikastolek urriak 2an ospatu zuten egun handia eta urtero bezala, hamabost egun beranduago Nafarroako Ikastolen txanda izango da. Igande honetan, milaka lagunek aukera edukiko dute Tafallako ikastolak antolatu dituen ekitaldietan parte hartzeko.
Dagoeneko dena prest da Tafallan igandean izango den Nafarroa Oinez 2011 festarako. Ibilbidea bost gunek osatzen dute. Guztiek, goizeko hamarretan irekiko dituzte ateak eta ilunabarra bitarte, adin eta gustu guztientzako ekitaldiak eskainiko dituzte.
Lehenengo guneak, Sutxuk, La Tafallesa Musika Bandaren emanaldiarekin irekiko diitu ateak, eta Demode Quartet, edo Oskorriren kontzertuak ikusgai egonen dira bertan.
Bigarren guneak berriz, Gernida A eta Gernida B txokoak bereiziko ditu. Lehendabizikoan, Ikastolako dantzari eta erraldoiek hasiko dituzte ekitaldiak, eta Tafallako Musika Eskolako kontzertuak jarraituko dio. Gernida B gunean, berriz, kirolak nagusituko dira lehen orduetan, eta ttikienek Irrien Lagunekin ere, tartea edukiko dute.
Hirugarren guneak, Kerasy, Xutik eta Gatillazo edo Trikidantz bezalako taldeen kontzertuak izango ditu. Gainera, El Conquistador del Fin del Mundo lehia ere izanen da bertan, goizeko 12:30etan.
Laugarren guneari Basagatz izena jarri diote, eta bertan, Zopilotes Txirriaos, Trikizio, Bizardunak eta Hesian taldeak egonen dira, besteen artean.
Azkenik, bosgarren guneak ere, bi zati izango ditu. Batean, Armendariz joteroak, Iparfolk eta Mielotxin bezalakoak egonen dira, eta bertzean berriz, goizeko 11:00etan Kantutegi Galegoa eta danza tailerra izanen da, eta arratsaldeko 16:00etan Keimada.
Egun guztian zehar, trikitixa doinuek, txistulariek, eta hainbat dantzariren doinuek lagunduko dituzte ibilbidea egiten duten milaka lagunak.