Mila lagunek baino gehiagok parte hartuko dute gaur Bilboko Berbagunean
Mahai baten inguruan elkartuko dira hainbat gairen inguruan euskaraz solas egiteko.
1.100 pertsona inguru bilduko dira gaur Bilboko Azkuna Zentroan Berbagunearen bederatzigarren edizioan, goizeko bederatzi eta erdietatik arratsaldeko zazpiak aldera arteko tartean, euskararen erabilera sustatu eta normalizatzeko asmoz. Adin eta profil orotako euskaldunak elkartuko dira mahaiaren bueltan, hainbat gairi buruz euskaraz hitz egiteko: liburuak, kirola, aisialdia…
Egun osoan zehar lau txanda izango dira Azkuna Zentroko atarian: 9:30etik 11:00etara; 11:00etatik 12:30era; 12:30etik 14:00etara; eta, azkenik, arratsaldez, 17:00etatik 18:30era. Txanda bakoitzean 300 parte-hartzaile egongo dira, gehienez sei laguneko mahaietan antolatuta.
Talde bakoitzak elkarrizketa-gai bat izango du eta hogei minutu igarotakoan, mahaiz aldatuko dira, eta beste gai bati buruz hitz egiten jarraituko dute beste solaskide batzuekin. Txanda bakoitzean pare bat aldiz aldatuko dira mahai batetik beste batera parte-hartzaileak, hau da, guztira hiru mintzagai izango ditu pertsona bakoitzak. Mahai guztietan pertsona bana egongo da moderatzaile-lanak egiteko.
Aurreko urteetan legez, kultura, gizarte, ekonomia, kirol eta politika arloko zenbait pertsonak ere parte hartuko dute Berbagunean, euskarari ikusgarritasuna emateko.
Parte hartu nahi izanez gero, ezinbestekoa da aldez aurretik www.berbagunea.eus web-orrian izena ematea.