Mila kultur nobedadetik gora izango dira abenduaren 4an irekiko den 61. Durangoko Azokan

1.098 nobedade eta 311 ekitaldi izango dira abenduaren 4tik 8ra. Iaz bezala, iluntze eta gauetako ikuskizunak ere izango dira.

Euskal kulturako nobedadeak plazaratuko ditu 61. Durangoko Azokak abenduaren 4tik 8ra. Guztira 174 partaide eta 286 erakusmahai izango dira. 2026an argitaratutako 1.098 kultur nobedade izango dira eskuragarri: 681 liburu, musikarekin lotutako 177 lan, 57 aldizkari eta beste 156 argitalpen. Ekitaldiak ere ez dira faltako, 311 izango baitira.

Azoka egunero 10:30ean irekiko dute eta 20:00etan itxi. Azken egunean, abenduaren 8an, 18:00etan emango diote amaiera ordea.

Iaz hasitako bideari jarraituz, iluntze eta gauetako ikuskizun bereziak izango dira aurten ere. Gaueko kontzertuei dagokienez, abenduaren 4an Beire eta Txopet taldeak arituko dira; 5ean, Mikosis eta TOC; 6an, Peiremans; eta 7an, Musika Berria jaialdia izango da, Verde Prato, Silitia eta Malakias taldeekin.

Abenduaren 5ean, Izanen GA! errezitaldia eta Gabriel Aresti Mug(H)arri pieza eszenikoa izango dira; 6an, Oraingoz izen gabe filma eskainiko dute, estreinaldiaren 40. urteurrenaren harira; eta 7an, Maitasuna ez da nahikoa manifestu poetiko musikatua izango da. Horrez gain, iazko Sormen Bekaren irabazleen lana, Esperantza zoro batez komikia, abenduaren 5ean aurkeztuko dute.

Talaia gogoetarako eta solasaldietako plazan 58 aurkezpen eta mahai-inguru izango dira, tartean Euskal Wikipediaren 25. urteurrena izango dute hizpide, wikilarien elkarteak etorkizuneko erronkak aztertuko baititu. Berbagailua, bideopodcasten gunea, Madalenako ermitan kokatuko dute aurten ere. Edukiontziak, Plaz! eta Peryferykak izango dute lekua, eta baDA!bil podcastaren azken atala grabatuko dute bertan.

Durangoko Museoan Atartea, arte ederrei eskeinitako gunea, izango da. Euskal Herriko sei ilustratzaileren lanak bilduko dituen erakusketa izango da , azokako nobedadeetarako sortutako ilustrazioak eta bestelako lanak erakusteko.Irudigileen elkarteak sustatuta, hainbat ilustratzaileren aurkezpenak ere egongo dira. Horrez gain, Txelu Angoitiaren Begirada: Azoka argazkitan erakusketa ere egongo da, azken 25 urteetan Durangoko Azokan ateratako argazkiekin osatua.

Kontzertuak, liburu aurkezpenak eta ikus-entzunezkoak
Ahotsenean, 62 liburu eta 43 disko aurkezpen egingo dituzte. Han izango dira, besteak beste, Aintzane Usandizaga, Aritz Galarraga, Alaine Agirre, Mikel Pagadi, Jasone Osoro, Itziar Ugarte, Harkaitz Cano, Joseba Sarrionaindia, Ane Labaka, Ione Gorostarzu, Castillo Suarez, Xabier Badiola, Amorante, Maskak, Garazi Esnaola, Marte Lasarte, Eider Saez, Mugan, Sukena, Indigo, Ziraun eta Maren.

Irudienean, ikus-entzunezkoen plazan, 47 lan emango dituzte, Zugaza zineman. Dokumentalak, hamabost film labur eta film luzeak izango dira. Emanaldi gehienetan sortzaileek eurek aurkeztuko dituzte lanak. Gatibu eta Gozategi taldeen inguruko dokumentalak, Lehen Aldiz telesaila, Iñurri Itsuak filma eta BERRIAren Denboraren joanean irauten ikus-entzunezkoak ikusi ahal izango dira.

Kabian, berriz, hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak eta esperientzia interaktiboak izango dira. Teknologia berriak, adimen artifiziala eta euskarak ingurune digitalean duen presentzia izango dituzte ardatz. Game Erauntsiak eta Rolariak-ek bideojokoen gunea antolatuko dute, eta abenduaren 8an elektronikarekin lotutako tailerrak izango dira.

Haur eta gaztetxoei zuzendutako Saguganbaran aurkezpenak, ipuin-kontaketak, tailerrak eta ikuskizunak antolatuko dituzte. Euskal Herrian sortutako mahai- eta karta-jokoetan jolasteko aukera egongo da. Szenatokian, antzerkiaren eta arte eszenikoen topagunean, ikasleentzako bi antzerki-inprobisazio saio egingo dituzte abenduaren 4ko goizean. Hurrengo hiru egunetan, aldiz, hiru konpainiak jardungo dute egunero, goizez eta arratsaldez bina emanaldi eskainiz. Han estreinatuko dituzte Aldaketa Dantza Konpainiaren Kapsula 0.1, Maria Blancoren Maria, graziaz betea!, eta Garrasi eta Eszenika Naz taldeen Rudolf eta Auskalo.

Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.