Mikrozakila izatearen inguruko ikuspegia eta bizipenak zabaldu nahian ari da Michael Phillips estatubatuarra
Michael Phillips 36 urteko estatubatuarrak medikura jo zuen duela hiruzpalau hilabete, bere zakilaren tamaina zela eta. Orduan "mikrozakila" zuela esan zioten. Phillipsek bazekien bere zakila txikia zela, baina ez zekien medikuek diagnostiko bat emango ziotenik. "Nire zakila txikiegia da sexurako, eta horregatik jo nuen medikuarenera. Pare bat esperientzia izan ditut, eta ez nintzen zakila baginaren barruan sartzeko gai izan. Hori dela eta, zitak izateari utzi nion eta interesa galdu nuen", azaldu du Phillipsek.
Zakilaren tamaina bederatzi zentimetro ingurukoa izaten da, batez beste, erekzioan ez dagoenean, eta hamahiru ingurukoa erekzioan. Phillipsena ez da zentimetro batera iristen ordea.
Institutu garaian ohartu zen bere zakilaren tamaina txikiaz, neska bati erakutsi zionean. "Barrea" eragin zuela kontatu du eta pare bat saiakerekin etsita, alde batera utzi zuela emakumeekin sexua izateko ideia. "Nire harremanetan eragina izan du. Izango dira axola ez zaien eta onartuko duten emakumeak, baina prozesu hori bizi beharrak eta behin eta berriz emakumeei nire egoera azaldu beharrak eraman nau hau guztia baztertzera".
Sexuaren kontuaz gain, eserita egin behar izaten du pixa, nahitaez. Eta komunera joaten den bakoitzean bere egoeraz gogoratzen dela nabarmendu du: "Ezin dut zutik pixa egin, eta zaila da etxetik kanpo zabiltzanean. NFL partida baterako sarrerak nituen, baina komunera joan behar izanez gero, nik erabili ezin ditudan pixalekuz beteta daude".
Zakilaren luzera eta lodiera handitzeko ebakuntza egiteko aukera du estatubatuarrak. Zakila pubiseko hezurretik gertu mantentzen duen eta tente dagoenean eusten duen lotailua zatitzen dute, eta sabeleko eta iztarren barrualdeko gantza hartzen dute lodiera handitzeko. Ebakuntza horren bidez, bi zentimetro eta erdi edo hiru zentimetro eta erdi irabazi ahal izango omen lituzke, baina oraindik ez dago ziur zer egingo duen, hala eta guztiz ere mikrozakila izango lukeelako eta ez dakielako mereziko ote lukeen.
Informazioa eta ikuspegi bakoirragoa hedatzea helburu
Phillipsek adierazi du jendaurrean honetaz hitz egitea erabaki duela zakilaren tamainarekin lotsatuta sentitzen direnei laguntzeko eta jendea ezohiko egoera honi buruz informatzeko. Horrekin batera, diagnostikoa goiz egitea bultzatzeko modua ere izan liteke haren ustez.
Gizartean espektatiba irrealak daudela ohartarazi du eta ez dagoela espektatiba horiek betetzen ez dituztenen eredurik: "Komunikabideetan ez dago zakil tamaina txikia dutenen errepresentaziorik, eta ia ez da aipatzen mikrozakila medikuek diagnostikatzen duten egoera bat dela eta ez txantxetarako erabiltzen den esapide bat".
"Nahiz eta tamaina ez den plazererako behar den guztia, erakargarritasunarekin zerikusia duela sentitzen dut, eta zakil handiagoak itxura ederragokoak direla uste izaten da", gaineratu du.
Hausnarketa eta estigmaren kontra egiteaz gain, Guinness errekorra ere badu buruan: "Zakil txikienaren Guinness errekorrik badagoen begiratu nahi dut eta ea hor sar ote naitekeen. Negatiboa den zeozer positibo bilakatu nahi dut, eta titulu bat lor badezaket, ederki!".