Mikel Urdangarinen, Xamanak taldearen eta Olatz Salvadorren kontzertuak sarean
Bizkaiko hiru toki esanguratsutan grabatutako hiru kontzertu akustiko eskainiko dira online azaroaren 12tik aurrera.
Aurten ere, bigarrenez, online eskainiko da Euskaltzaleen Topaguneak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin antolatzen duen Udagoieneko Ostera Hegan kontzertu zikloa, eta ekimenaren atarian egongo da ikusgai. Mikel Urdangarin, Xamanak eta Olatz Salvadorrek hartuko dute parte azaroaren 12an hasi eta 28rarte iraungo duen zikloan. Kulturaren bidez, kasu honetan musikaren bitartez, euskararen erabilera sustatzea du helburu egitasmoak.
Oroimen historikoa izango dute ardatz emanaldiek, "iraganean gertatutakoa gogoratzea" baita aurtengo edizioaren helburuetako bat, eta "musika bitarteko ezin hobea da horretarako". Asmo horri jarraiki, altxamendu frankistak bortizki erasandako hiru kokaleku aukeratu dituzte: Otxandio, Barakaldo eta Ondarroako Saturraraneko Pasealekua. Webgunean bertan jaso dituzte toki horien argazkiak eta baita gerra garaiko pasadizo lazgarri haien inguruko informazioa ere. Mikel Urdangarinek Otxandioko Andikona Plazan eskainiko du kontzertua, Xamanak taldeak Barakaldoko Munoa Jauregian eta Olatz Salvadorrek, berriz, Saturraraneko Pasealekuan.
Azaroaren 12tik 28ra bitartean egongo dira kontzertu guztiak eskuragarri eta dohainik webgunean. Ostiralero kontzertu bat estreinatuko da eta asteburuan zehar egongo da ikusgai. Azaroaren 12tik 14ra Mikel Urdangarinen emanaldia eskainiko dute, azaroaren 19tik 21era Xamanak taldearena, eta azaroaren 26tik 28ra Olatz Salvadorrena. Gainera, emanaldietako argazkiak eta Leire Palacios kazetariak musikariei egindako elkarrizketak ere zintzilikatu dituzte.
