Mikel Laskurain, Nerea Gorriti eta Ainhoa Aierbe aktoreek parte hartzen duten 'Familia sarekada' antzezlana estreinatuko da Donostian
Etxean lasai afaltzen ari direla, delitu informatikoekin lotura dutelakoan poliziaren sarekada jasango duen familia bat da obraren protagonista.
Vaivén Producciones konpainiak Familia sarekada antzezlanaren lehen emanaldiak egingo ditu egunotan Donostiako Antzoki Zaharrean. Gaur eta bihar egingo dituzte euskarazko emanaldiak, 19:30ean, eta gaztelaniazkoa igandean izango da.
Olga Margallok zuzendu eta Antonio Muñoz de Mesa egile duen antzezlanak etxean lasai afaltzen ari den familia bat aurkeztuko du. Bat-batean, Delitu Informatikoen Unitatearen (DIU) sarekadaren erdian ikusiko dute euren burua, familiako norbaitek porno domestikoko sare bat daukan susmoa baitute. Koldo, Monika, Aitor eta Nora banan-bana galdekatuko dituzte, algoritmo batek pornografiarekin lotutako delitu-eduki gisa identifikatu dituen irudi-artxiboei buruz. Familiako kideek elkarri susmoa hartuko diote, eta norberak bere burua ere zalantzan jarriko du. Beti sarera konektatuta egon arren, euren artean erabat deskonektatuta daudela jabetuko dira.
Egilearen hitzetan, "inorekin ez fidatzeko moduko komedia da, kutsu dramatikoa duen testu komikoa da, eta gure bizitzaren isla bihurtu diren enpresa teknologiko handien algoritmoen totalitarismo puritanoa aztertzen duena. Sareetan ez bazaude ez zara existitzen, baina bertan egoteko zure irudi auto-zentsuratua sortu behar duzu. Autozentsurak pobretze intelektuala eragiten du beti, eta hori aprobetxatuko dugu komedia tonuan erretratatzeko. Erraldoi teknologikoetatik kanpoko sare deszentralizatuaren proposamena dago. Oso interesgarria litzateke ikuskizunaren ondoren eztabaida txiki bat egitea teknologia berriekiko mendekotasunari buruz".
Obra Aizpea Goenagak ekarri du euskarara eta Iñaki Salvadorrek jarri dio musika. Antzezle lanetan, berriz, Ainhoa Aierbe edo Ana Pimenta, Mikel Laskurain, Nerea Gorriti eta Xanti Korkostegi izango dira. Aitziber Garmendiaren lankidetza ere bada.
Antzezlana ikusteko sarrerak hemen eros daitezke.