Mikel Etxaburu: Maitasuna preso ez dagoenean

Eduardo Galeanok kontatzen duenez, ideia ideologikoak izateagatik preso zuten Didasko Perez eskolako maisuari, zentsoreek alabaren marrazki bat hautsi zioten behin, txorien marrazki bat, preso politiko uruguaitarrek debekatuta zituzten gauzen artean baitzeuden emakume haurdunen, bikoteen, tximeleten, izarren eta txorien marrazkiak.



Hurrengo bisitan, alabak, zuhaitzen marrazki bat eraman zion maisuari, hostoen artean koloretako zirkuluak zituena. Ezkutaturik eraman zizkion txorien begiak ziren.

Mikel Etxaburu (Ondarroa, 1969) ere ideia ideologikoak izateagatik preso eraman zuten 2008an, eta euskal presoek debekatuta dituzten hainbat konturi uko egin behar izan zion arren, gauak lau ertz dituen ez-lekuetako ziega haietan, aurkitu zituen arnasa hartzeko zirrikituak.

Ikasi egin zuen, arabiera ezagutu, presoekin komunikatu, asko irakurri, eta idatzi. Poemak, asko, baina baita maitasun gutunak ere, idazten apenas zekiten presoen enkarguz: "Ia denek daukate kanpoan neskalaguna, emaztea, emaztetzat nahiko luketen emakumeren bat edo beste... Haietako zazpi edo zortzi emakumerekin gutun bidezko harreman estua izan nuen bi urte horietan. ¿Mikel, le escribes una carta a mi mujer?; Sí, cómo no; dime cómo se llama, dónde vive y qué cosas le pueden gustar. Behin datu horiek jaso ondoren, ¿y qué quieres que le ponga? galdetzen nien, eta denek gauza berdina erantzuten zidaten: eso tú, tú que escribes bien, ya se te ocurrirá algo. Eta horrela ematen nituen arratsaldeak ezagutzen ez nituen emakumeei maitasun gutunak idazten. Dibertigarria, eta atsegina, hiru aldeentzako, uste dut nik. Baina hoberena, erantzunak izaten ziren, harrituta erantzuten baitzuten emakumeek, Neruda ea nor zen eta ea hainbeste non ikasi duen galdetzen zidaten edo zioten gehienek. Atsegin nuen ariketa. Nire falta sumatuko zuten handik atera nindutenean, ziur, batez ere gutunen hartzaileak ziren emakumeek".

Hitz horiek irakurri, 2008-2010 urteetan ondutako poema sortarekin Mikel Etxaburuk lehen liburua argitaratu duela jakin, eta ez dut bi aldiz pentsatu: lehen liburu dendara noa, berehala.