'Mihiluze' saioaren azken proba zuzenean jokatu ahal izango da etxetik, aplikazio bidez

Gaurtik aurrera jarriko da martxan aplikazioa, eta sariak lortzeko eta taldeak osatzeko aukera izango da bertan.

Gaurtik aurrera, Mihiluze saioko lehiakideak Bai edo bai izeneko azken proba jokatzen ari diren unean, proba bera jokatu ahal izango da etxetik, aplikazioaren bidez. Aplikazioko jokoa saioarekin batera aktibatuko den arren, saioa ikusi gabe ere jokatu ahal izango da. 

Bai edo bai du izena zakua eramateko aukera ematen duen azken probak. Atal honetan bi galdera erantzun behar izaten dira:  Hamaikakoa eta Urrezko galdera. Hamaikakoan, hamaika kontzeptu azaltzen dira eta, galderari erantzunez, 'Ez' edo 'Bai' zutabean kokatu behar dira kontzeptuak. Urrezko galderan, berriz, beste galdera bati erantzunez, hamaika kontzeptuetatik bi erantzun zuzenak hautatu behar dira. Bi galderak ondo erantzunez gero, zakua irabazten dute lehiakideek.

Azken proba jokatzeko unean, jokoa hastear dela adierazten duen mezua jasoko dute etxeko jokalariek, eta aplikazioan erantzun zuzen gehien dituenak eta denbora gutxien erabiltzen duenak jasoko du puntu gehien. Egunero ikusiko da zein den eguneko irabazlea, aplikazioan zein telebistan, baina saria astelehenetik ostegunera bitartean puntu gehien lortu duen jokalariak bakarrik jasoko du. Hainbat produktuz osatutako opari-sorta izango da: Mihiluzeko Motxila, botila, bozgorailua, poltsa eta abar.

Taldeak osatzeko aukera dago aplikazioan, eta bakoitzaren ebazpenak eta puntuaketak ikusteaz gain, ranking orokorra eta taldeetako rankingak ere ikusi ahal izango dira. Aplikazioa IOS eta Android gailuetan, App Store eta Google Play dendetan deskarga daiteke. 
 
Mihiluze saioa astelehenetik ostegunera ikus daiteke, 21:30etik aurrera, ETB1en, eitb.eus-en eta Nahieran atarian.